Etika

Javier Gaona izena du gizonak, 32 urte ditu eta, dirudienez, bere bizitzarekin amaitu nahiko luke. Kalera irten da, labana eskuetan, banketxe batean sartu da oihu eginez. Jendeak ihes egin dio, espantuka, baten batek poliziari hots egin dio. Oraindik ere labana eskuetan daukala, kalera irten eta supermerkatu batean atarian geratu da gizona, eta bere burua zauritu du. Ez du ikuskizun makala behar, kalearen erdian, jendea paseatzeko propio jarritako espaloi txukun haren gainean, odolez betetako labana eta, hari helduz, 32 urteko gizona, bere bizitzarekin amaitu nahi eta, akaso, ezin duena. Falta duelako azken erabakimena, oraindik ere baduelako bizitzari lotzen zaion sen ezinbesteko hori. Bere baitan daude biak, arnasari eutsi nahi liokeen aberea eta iparrik eta esperantzarik gabeko gizakia, alde egin nahi lukeena, bakea izan, atseden hartu. Poliza agertu da, eta hitz egin hasi aurretik armak atera dituzte. Gizonari hark ulertu ezin dituen gauzak esaten hasi zaizkio, uzteko labana, etzan dadin lurrean, jar ditzan eskuak haiek ikus ditzaketen moduan. Gaona bere onetik aterata dago. Polizien ahotik datorren elekeria parapolizial guztia mezu enkriptatu bat baino ez da. Tiro egin diote gomazko balekin, hark poliziek diotena hobe ulertuko duen esperantzaz, balek izango balute bezala ideiak argitzeko mekanismo magiko bat. Baina ez du ulertzen, eta balantzaka, poliziengana hurbiltzen hasi da. Izu (omen) dira poliziak, gomazko balak alboratu, eta egiazkoak atera dituzte. Bang!, bang!, bang!, bang! Gizona hankaz gora bota dute, zerraldo.

Gauza delikatua da nor bere bizitzari amaiera ematea. Ez dugu guk hautatzen noiz etorri mundu honetara, eta ez dugu noiz joan nahi dugun erabakitzerik ere. Heriotza, esaten digute, gauza naturala da. Jainkoen kontua. Eta ezin gara haren gainetik jarri. Sufritzen ari bazara, eutsi iezaiozu horri: legea da. Eta legea da zeure borondatea baino garrantzitsuagoa. Hori bai: poliziaren bat zure bidean gurutzatzen bada, zaude lasai, zaude ziur, hark askatuko zaituela.

Uda honetan bertan gertatu da istorio hau, AEBetan. Baina edozein tokitan gerta zitekeen. Unibertsala da, poliziaren jainko guztiekiko nagusitasuna. Eta gu hemen, eskubideez eta etikaz hizketan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s