Futuroscopen

Ziberespaziora bidaia egitea zela esan zuten, esne bidea utzi eta Andromeda bisitatzea, argiaren eta denboraren abiadan bidaiatzea. Ez zen mundu honetakoa, Futuroscope hura. Albistegietan hango eraikin espazialak erakutsi zituzten, teknologia konplexuenaren eta zientzia bihurrienaren tenpluak. Ez nuen uste inoiz joatea egokituko zitzaidanik, baina, zera, hemen nago, oporren aitzakian. Eta ez da, noski, uste nuena, edo albistegiek iragarri zutena.

Eraikinak bai, arkitektura zoragarria ere bai, baina Andromedara bidaiatzeko nire asmo zoro guztien ordez, 3D teknologiaren bidez ikusteko espektakulotxoak daude, turistak eta, bereziki, neurea bezalako familiak erakartzeko pentsatuak. Ezerezaren erdian, Poitiers alboko lautadan eraikia, oso frantsesen erakoa da Futoroscope, ordenatua eta garestia. Eraikin bakoitzeko, atrakzio bana, eta eraikinetik eraikinera, lorategiez inguratutako bidetxoak eta, han-hemenka, sabela bete eta patrikak husteko txiringitoak.

Horrela esanda Terra Mitica ziztrin bat dela ematen du, baina ez da horren… nola esan? Dekadentea. Esaterako, bada Arthur izeneko bat, Luc Besson zinema zuzendariak (The big blue, Leon, Nikita…) proposatutakoa, errusiar mendi birtual moduko bat, guztiz txundituta uzten zaituena.

Bitxiak dira halako parkeak neu bezalako izaki hantusteentzat, etengabe ari zarelako han egon nahi ez zukeen intelektualarekin eta han egon nahi duen pertsona normalaren arteko gudua pairatzen. Ikuskizun batera sartu eta, pantailatik begiak kendu eta publikoari so egiten badiozu, zinez zein pertsona multzokoa zaren deskubritzen duzu, han zaudelako iji eta aja, jendetzak irentsita. Oi zure harrotasun elitekoa! Non da munduari ahal duen guztietan bera «idazlea» dela esaten dion artista distiratsua? Haren arrastorik ez dago atrakzio deabruzkoaren bertigoaren eraginez besteekin batera oihu egiten ari den izaki singlearen baitan. Hain da erabatekoa multzoko parte izatearen sentimendua, atrakziotik irten eta bee egiten hasiko zinatekeela.

Ez duzu Andromedara bidaiatuko, egia da, baina inoiz ahaztutako apaltasun hartara itzultzeko bide ona da «etorkizuneko» feria hori.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s