Gaizkiaren banalizazioa

Jendea espantuka sumatu dut Urkullu Lehendakariak Etxerat elkarteak urtero plazaratzen duen txostena hartzeari publikoki uko egin diolako. «Gaizto» jokatu duela diote askok. Neu, ordea, gehiago naiz Hannah Arendten «gaizkiaren banalitatearen» teoriaren aldekoa. Alegia, agintarien keinu makurrenen atzean, gehienetan, ez dagoela maltzurkeriarik, ez bada juzkurako gaitasunik gabeko pertsona gris bat, enpatiarik gabea, bere izateko arrazoia burokraziaren hierarkian aurkitu duena. Jende otzana, esanekoa, prestua eta boterearen aldekoa.

Badugu euskaldunok, gaizkia pertsonifikatzeko joera nahiko zabaldua, geure patua azaltzeko oso motza geratzen dena. Garai batean izan zen Martin Villa, geroago Gonzalez, gero Guerra, gero Corcuera, gero Atutxa, gero Mayor Oreja… denek gorpuztu izan dituzte, uneren batean, euskaldun matxinoon gaitz guztiak, arazoa haiek izan balira bezala, ordezkatzen zuten burokrazia bainoago. Manuel Fragak «la calle es mía» famatu hura aldarrikatuz geroztik, halako lehia hasi zuen euskal jendarte iraultzaileak unean uneko ministroa garaitzeko, ministroak zinez erabakimen handia izan balu bezala.

Ez dut ukatuko, baduela Urkulluk zerbait durduzagarria. Bere jarrera narzisista, suhia perfektuaren paper banidosoa, bere traje distiratsu hori, hainbesterainokoa non ez baitakigu, hura ikustean, Lehendakari jauna, sardin zahar bat, edo Priscilla «the queen of desert» ote den aurrean daukaguna. Zorigaitzez, gainera, norbere buruarekiko maitasun patologikoak, sarritan, besteenganako axolagabezia adierazten du, eta hori, agintari baten kasuan, aski ezaugarri kezkagarria da. Bitxia da, bestetik, inoiz sentimendurik adieraztea egokitu zaionean, hura beti izan dela erasokorra, kalearen erdian langileen manifestazio baten kontra azaldu zenean bezala. Makila besterik ez zitzaion falta poliziaren irudi perfektua osatzeko. Lehendakari baten inoizko irudi erasokorrena izan zen hura.

Baina ezin gara asaldatu: burokrata fidela da, eta ez da harrigarria, sentimenduak azaltzen hasita, behin eta berriz azpiratzea egokitzen zaion jendearen kontra izatea, dela langileei kargu hartzen, dela presoen senideei plantoia emanez; Eichmannek ezin egokiago adierazi zuen bezala, «aginduak bete besterik» ez ditu egiten.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s