Gizon bat zuhaitz bati lotuta

Astero-astero irratian, Faktoria saioan, egiten dudan literatur atalak depredadore bilakatu nau. Ez nuen uste inoiz liburu bat diagonalean irakurriko nuenik, soberako testua baztertu eta funtsezko informazioa dialogoetan bilatuz, atalen hasieran eta hondarretan hitz-gakoen bidez han kontatu denaren nolabaiteko ideia osatu eta atala irakurritzat emanez, eta, kasu batzuetan, liburu erdia irakurri gabe utzita. Literatur kritika ez da, ez, zinema kritika bezalakoa, krispetak janez filma ikusi eta etxera bueltan filmari buruzko gogoeta burutsua egiteko lain denbora emango dizuna. Ez horixe: testua den masa enkriptatu horretan hitzen arrantzan ibili beharko duzu gomazko katiuskak gerriraino jantzitako erretiratuen modura, galdutako izokin batek amua irentsiko duen esperantzaz, baina zinez uraren azpian dagoena ikusi gabe.

Liburuak osorik irakurtzen ote ditudan galdetzen didate nire lagun eta ezagun harrituek, eta seguruen nire etsai suminduek ere, gorrotatzaileek subjektu gorrotatuaren bertuteak eraisteko izan ohi duten antsiarekin. Zeren eta, galde dezagun argi: zer da, zinez, liburu batean ezinbestean irakurri behar dena? Gauza frogatua da gizakiak irakurtzen duen erdia irakurri orduko ahantzi ohi duela, gehiago ez bada, eta ahazten ez duena handik gutxira ahantziko duela, eta, azkenean, tentuz irakurritako liburu hura geure baitan sentimenduen eta ideien mapa txiki eta zehazgabea besterik ez dela izango. Gogoratuko dugu ideia bat, emozio bat edo sentimendu bat, eta oroimen horrek harreman lanbroa izango du zinez irakurri dugunarekin; gogoatuko dugu pertsonaia baten gaiztakeria sakonekoa (Eider Rodriguezenak ez dira ahanzten), edo liburuko argia (Pello Lizarralderen liburuetan nabarmen gertatzen da hori), edota parajea (Koldo Izagirreren kaia hain hitz gutxitan eta hain ongi deskribatuak)… edonola, apenas izango den hitzik geure pentsamenduan, baizik eta emozioen oroimena. Oso fenomeno arbitrarioa da. Gogoratuko duzu liburuaren azala, edota solapatik barre egiten dizun edo serio begiratzen dizun idazlearen aurpegia. Gogoan dut, adibidez, oso gaztetan Pramoedia Ananta Toerren Tierra humana liburua irakurri nuela, eta, hainbeste gustatu zitzaidanez, orain preso dagoen nire lagun Kepa Exebarriari oparitu niola; hartaz oroitzen dudan gauza bakarra idazlearen zuri-beltzeko argazkia da, eta Oiartzungo erreka baten bazterrean irakurri nuela liburuaren zati handi bat, nire bakardade ustez buhame eta muturreraino aspergarri hartan. Jakin izan banu, ez nukeen irakurriko: argazkiari so geratuko nintzaiokeen une batez, eta gero lagunen bila abiatuko nintzatekeen, gaztaroko arrunkeria ederrean murgiltzeko.

Nire bizitzan seriotan irakurri nuen lehen liburua, bizitzari ihes egiteko irakurri nuen. Kurtsoa amildegitik behera botata neukan ordurako eta azken azterketan, beti bezala, ikasteko betebeharra azken unera arte luzatu nuen. Goizeko bostetan esnatu nintzen, eta arrastaka korridorean geneukan kerosenozko berogailuraino joan nintzen. Nire arima nahigabez betetzen zuten fisikako apunteak neuzkan aldamenean, beharbada gaur egun Mugaritz jatetxean sukalde buru dabilen Dani Lasari lapurtuak (ikasle prestua baitzen), eta haien aldamenean, berriki Mamuten lapurtutako Cien años de soledad, Gabo Garcia Marquezena. Liburua irakurtzen hasi nintzen, eta (gogoratzen ez ditudan) hitzekin zorabiatuta eta hordituta sentitzen hasi nintzen. Zer zioen liburu hark? Ezta ideiarik ere. Laranja bat zuritu nuen eta manta batean azpian irakurtzen segitu nuen esaminaren ordua gerturatzen ari zela ohartu gabe, edo, ohartzen banintzen, kasurik egin gabe. Etag ero esamina iritsi zen eta hura ni korridoretik mugitu gabe pasatu zen. Antsiaz eta hitzez hitz irakurri nuen, zin dagit, baina zer da oroitzen dudana? Gizon zahar bat arbola batean lotuta! Zinez ote zegoen gizon zahar bat arbola batean lotuta? Ez nago seguru: agian liburua irakurtzen ari nintzela neronek imajinatu nuen, eta irudiaren indarrak liburuaren akordua osorik irentsi zuen. Ez baita liburua gugan geratzen dena, liburuak gugan sortzen duenaren akordua baizik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s