Groenlandiako marrazoa

Laurehun urte omen ditu marrazoak, hala diote zientzilariek eta albiste agentziek. Egunkari guztietan ageri da albistea. Bideoan marrazo itxura daukan arrain bat ikusten da, azala pitzatuta, orbanez betea. Urpean sartutako kartoizko animalia dirudi, hain ematen du hauskorra. Agure baten gisan mugitzen da, zimel. Ez da nahiko genukeen bizitza, baina bizi da, eta hor dago koxka. 4 mende ditu piztia madarikatuak. Azkar hasi dira hango eta hemengo kazetariak, albisteagatik harrituta, marrazoak Maria Antonieta erreginaren garaia ezagutu zuela azalduz. Beno, ez da horrenbesterako: erregina ez zen inoiz Groenlandiako ur hotzetan snorkel egiten ibili. Baina ulertzen da metafora. Eta zirrara eragiten du, nola ez, azken 400 urteotako gertakari guztien garaikidea izan dela jakitea.

Ez da zaila marrazoaren albisteak jende askorengan zein burutazio sortu duen asmatzea: izaki bat kasik geure tankerakoa bizi badaiteke mende erdiz, zergatik gu ez? Zer ote da haiengandik ikas dezakeguna eternitatearekin amets egiten segitzeko? Zerurik ez bada, ez ote ozeanoa heriori izkin egiteko geure destinua? Miraria da, dudarik gabe, bilioika izakik bizitza galdu duten lau mendeotan, hark jakin duela bizirauten.

Albistean aurrera joan ahala, azalpen zientifikoak: oso-oso garapen geldoko animalia dela, eta hor dagoela bere iraupen luzearen arrazoia. Dena egiten du emekiago: hazi, bizi, hil.

Jaques Mayol ospetsua etorri zait gogora, urpean bizi nahi zuen frantziar urpekaria, Luc Besson zinegileak Le big blue filmean erretratatu zuena. Uretik kanpo aztoratuta, urduri antzean bizi zen, baina, urpean sartu orduko, lasaitasuna berreskuratzen zuen, eta zientzilariak harritzeraino mantsotzen zitzaion bihotza. Lurtarron artean moldakaitza, arrain izan nahi zuen gizakia zen.

Bitxia, edo esanguratsua da, nola bikoizten diren bizitza esperantzak gizakia urrun dagoen tokiotan. Errelato ofizialak esaten du geure bizi esperantza asko handitu dela geure (gizakion) zientziaren aurrerapenari esker. Baina egiaren zati bat baino ez da, eta ez da kasualitatea, munduan gehien bizi diren piztiak, hain zuzen, urpean 30 kilometrora bizitzea, han, non zientziarik aurreratuenak ere ezin duen sartu. Han, non gu, sinpleki, ez gauden.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s