Gu, idazleok

Asko aldatu da idazlea. Jada ez da mundua arbuiatzen duen izaki matxinoa. Galdu du behinolako galtzaile nahia, eta galtzaileen leinukoen harrotasun betierekoa. Ez du aitonaren jertsea eramaten, merkatu txikian erositako jaka zaharra, gerrian zabalegia geratzen zaion galtza zatarra. Idazlea asko aldatu da, jada ez dago minduta, ez dauka herrenik, mundua ulertzen du, eta munduak hark uler dezan ahalegin biziak egingo ditu. Idazlea vedette bat da, musika pittin bat nahikoa du dantzan hasteko.

Idazlea ez doa psikiatrarenera, ez du behar. Zerua ez da itsaso zikin bat. Goizak ez dira iltzez betetakoak. Ez du premiagatik, antsietatez idazten. Idaztea ez da bere burua trenbidera botatzeko bultzada terriblearen kontrako erremedioa. Distiraz idazten du, genialtasun hutsez, idazteak pasioz betetzen duelako. Baina ez da alkanfor usaineko intelektual ile koipetsu horietakoa. Ez zaitu liburu kontuekin aspertuko.

Idazleak bai baitaki gizartean jendetasunez jokatzen. Nola ez du ba jakingo: idazlea ez da etxetik irtetean hilkutxatik irtendakoaren itxura kaskarra daukan izaki galdu, despistatu, anakronikoa. Ez dio modari eta edertasunari muzin egiten. Idazlea gimnasiora joan daiteke, ispiluaren aurrean altxa ditzake pisuak, literaturaren merkatuak eskatzen baitio zinema izarrak bezain eder eta lerden izan dadin. Baten batek pentsa baitezake idazlea literatur merkatuaz futitzen dela, are, literatur merkatua dinamitaz lehertuko lukeela, baina ez da hala: idazlea literatur merkatuan bizi da. Han dago, sinpleki. Eta ez du handik aparte bizitzeko aukera begien bistan ikusi nahi.

Idazleak, horregatik, ez du testua gehiegi maite. Irakurri, zertxobait irakurtzen du, eta, ahal bada, bere idazkera bainoago, bere irudi soziala aberastuko duen idazleren baten obra. Kontua ez baita irakurtzea, irakurri behar dena irakurtzea baino. Idazleari, honenbestez, zer irakurri behar duen esan diezaioten gustatzen zaio, horrek bizitza errazten diolako. Irakurtzean gozatuko duen ez dio ardura berezirik (ez du gozatuko), plazera geroago etorriko baita, modako idazleekin modako liburua aipatzeko eta eztabaidatzeko tenorean.

Idazleak ez daki teoria literarioari buruz fitsik, esan dugun bezala, irakurtzeko tenorean beste gauza batzuk egiten dituelako, adibidez Zarako pitillo tankerako galtzak edo Ray-ban markako betaurrekoak erosi, baina horrek ez du esan nahi idazle handien aipuak oroitzen ez dituenik, aipatu beharreko idazleen aipuak, alegia. Idazleari asko gustatzen baitzaio bere erudizioaren bidez idazlea dela nabarmentzea, eta ez, demagun, igeltsero.

Idaztea, idazlearen bizitzan, marginalia bat da. Jarduera konplementarioa. Plazan agertzeko apaintzea da garrantzitsuena, lagun literario aproposak izatea edota ekitaldi literarioren batean parte-hartzea, bereziki errezitaldietan, ahal bada sona handiko musikariren batek lagunduta. Sare sozialetan ere agertuko da, mundua ez dakion hatz tarteetatik eskapa. Idazlea hor dago, gizartea dagoen tokian, modernotasun totalitario eta akritikoaren baitan. Agintarien, politikarien, edota kirol izarren modura, eguna bere harreman sarea mimoz taxutzen eta aberasten emango du, bere ametsa baita sare horrek berak merezi duen tokian jarriko duela.

Eta idatzi? Inoiz idazten ote du? Beno, ez gaitezen engaina: idaztea ez da inportantea. Estatistika guztiek diote inork ez duela irakurtzen, ezta?

Idazle izatea ez baita idaztea, literatur merkatuak idazle bezala saldu dezakeen figura antzeztea baizik. Eta antzerkia, ongi dakigu denok, lan gogorra da oso.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s