Idazteari utzi, idazten segitzeko

Urteak joan dira Anjel Mari Elkanok Egunkaria sortu zeneko Anoetako Belodromoan egin behar zen ekitaldian laguntzeko eskaria egin zidanetik. Instantean kutsatu zidan proiektuarekiko zeukan sugar guztia. Ekitaldiaren egunean aulkiak jartzen eta garagardo upelak eramaten eta, oro har, geurean lan bolondresak eskatu ohi dituen zama lanak egiten aritu ginen, zerbait egiten eta ematen ari nintzelako sentipen gozo eta harroarekin. Uste dut, oroimenak huts egiten ez badit behintzat, artean ez zegoela Egunkaria kalean, baina ez nago segur. Oroimenean gordetzen dut Egunkaria sortzeko lanean aritutakoak oholtzara igo zirela, beti bezain herabe, eta esker onez baina lotsaz hartu zituztela ekitaldira gerturatutakoen txaloak. Gero musikariak aritu ziren, Niko Etxart agian, Egunkaria gorriz ageri zen mantxetaren aitzinean. Aurrerantzean, ordea, arrastoa galdu nion eguneroko berri-paper hari, eta hainbat urtez han-hemenka bakarrik irakurtzen nuen, zutabe bat han, albiste bat hemen, eta gutxi gehiago. Handik urte batzuetara, Valdemoroko espetxean hasi nintzen gertutik eta sakonago, Egunkaria-k ordurako mantxeta urdina zeukala, gerora nire lagunak izango zirenen (baina orduan niretzat geure hizkuntzaren artista petoak zirenen) lanak irakurtzen. Ezin konta dezaket Begia gehigarria ailegatzen zitzaidanean hartzen nuen sorpresa. Zeren eta, beharbada askok ez dakizue baina, egunkariak espetxeetara postarekin batera ailegatzen baitira, lagunen edo amaren edo lehengusuaren gutunen artean, gutun bat gehiago balitz bezala. Ez dut ordutik Begia-rik eskuetan inoiz izan, baina gogoan dut Amagoia Gurrutxagak egiten zuela zatirik handiena, eta ni beti harrituta geratzen nintzela zein modu estilosoan idazten zuen, eta zein gai interesgarriak jorratzen zituen ia beti. Kartzelan egon denak baino ez daki nolako grina neukan neska aurrez aurre aurkitu eta eskerrak emateko, eta zein nekeza zen ezinaren zama. Uste dut inoiz berari esan diodala. Ziegaren idazmahaiaren parean bere idatziak zintzilikatzen nituen tarteka, eta baita Xabier Gantzarainenak ere, hura ere artista ikaragarria baitzen ordurako (bere gaztetasunean!). Behin ez, birritan irakurtzen nituen Edorta Jimenezen testuak, haiek ziren niretzat zailenak eta, era berean, kitzikagarrienak, zeren eta arkeologia apur bat eskatzen baitzuten, lerroen arteko nolabaiteko malabarismoa, baina beti aurkitzen zenuen, olatuan artean, portura ailegatzeko bidea. Aita Mariren pareko sentitzen nintzen behin lehorrera ailegatuta, dozenaka marinel salbatu izan banitu bezala, eta Edortaren argazkiari so geratzen nintzaion, testuak eraikitzeko zerabilen sintaxi bihurri eta hipnotikoa nondik ote zetorkion asmatu ezin… hura bai miresmena!

Idatzi haiek kartzelaldia eramaten zenbat lagundu zidaten, nik ere ez dakit, baina harrotasuna sentitzen nuen, eta harrotasuna inon erosi ezin den eta bizitzan gutxitan izaten den sentimendua da, eta neuk motxila bete-betea eramaten nuen unerik gogorrenetan. Hantxe bertan hasi nintzen, estimatzen nituenak egiten zuten bezalaxe, nire testuak idazten, eta imajinatuko duzue, urteek gabezia hura apenas apaldu dutenez, zein kaskarra nintzen. Ez dago zertan gezurrik esan.

Hamarkada oso bat geroago BERRIAn Hirudi hau idazteko eskaintza egin zidatenean, sentimendu haiek guztiak oroitu nituen; nola esango nuen ba ezetz? Nik nire aurrekoak irakurtzen gozatu nuen laurdena baten batek nik idatzitakoa irakurtzen gozatu bazezakeen, neu pozik. Eta horretan saiatu naiz hilabete guztiotan. Badakit, eta hala aitortzen dut, ez dudala beti asmatu, eta badakit, era berean, ez naizela nirekin batera Hirudia idazten jardun duten bidaideekin beti egoki portatu.

Beti tokatzen da purrustaka ibiltzea herri zaitu honetan, eta berandu baino lehen barkamena eskatzen diet, barkamena bera horren kutsaturik dagoen garai honetan hitzak daukan adiera nobleenean, bihotzez.

Nahiko nuke idazten jarraitu, baina ez literaturaz, literatura baizik. Eta horregatik, Hirudiaren nire zoko honetan Miren Agur Meabek jardungo du aurrerantzean. Haize freskoa, aizue. Bazen garaia. Esker mila maite nauzuen guztioi, eta, noski, maite ez nauzuenoi ere; guztiok laguntzen didazue hazten.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s