Kartzela

Batzuetan kosta egiten zait preso egon nintzela sinestea. Aspaldi da hango kontuez hitz egiteari utzi diodala, ez dakit zergatik, lehen natural esaten nuena, egun nekeza egiten zait. Badut sentipena beharbada zerbait soziala dela, eta gaur kontu delikatuegia dela kartzelaz mintzatzea, horretarako baimena eskatu behar izango bazenu bezala. Barkatu, ezin izan dut eragotzi, eta abar. Behinola, izan nuen ustea preso egon izana beti izango zela bertute bat, kontatzen hasita denak izango nituela begi zabalik miretsirik. Urteak joan ahala, ordea, geroz eta anakronikoagoa zait zuloaz mintzatzea. Milan Kunderak erbestea definitzeko erabiltzen zuen kontzeptua datorkit gogora, kartzela azaltzeko balio dezakeena: nahi dute erbesteratu aurretiko laguna, baita ere erbestetik itzuli dena, baina ez tartean ibili zena. Nahiago dute ez entzun, ez jakin. Beraz, kartzela pairatu aurreko presoa nahi dute, eta ondorengoa ere bai, baina ez tartean izan zena, arima ere han utzi zuena sufritzearen sufritzeaz. Kunderak figura eder bat erabili zuen biografia lapurtu hori irudikatzeko, sorbaldari (besoa kenduta) jositako eskuarena. Eta harekin moldatu beharra ezer gertatu izan ez balitz bezala. Mintza zaitezke ia edozertaz, izan zaitezke munduko tiporik harroena edo hutsalena, izan zaitezke antzua edo gezurtia, zinez friboloa edo banala, baina, arren, ez ezazu kartzelako gaia atera. Eta egizue kontu noraino izan litezkeen aspergarriak egunero pairatu behar izaten ditugun solasaldiak! Ba horiek, baita gogaikarrienak ere, beti izango dira kartzelako pasarteak baino egokiagoak.

Baten batek esango dit dena pertsonalki hartzen dudala, alegia, kontua gehiago dela politikoa, eta agian arrazoi izango du. Presoak dira gatazkaren barruan enbarazu gehien egiten duen gaia, nolabait atea irekita utzi eta leihoa korrontearen eraginez kolpeka hasten denean bezala. Nahi genuke kanpoko haizearen freskura, baina haizea tematzen da atea kolpatzen, harik eta leihoa ixten dugun arte. Agian nahiko genioke geure iraganari parte hori erauzi. Imajina dezagun geure historia, 58tik aurrerakoa, ez dela gertatu. Egin dezagun jauzi 1958tik 2012ra, erre ditzagun artxiboak, itxi ditzagun hilerrietako ateak giltzarrapoekin. Eta inork oraino presoak badirela oroitarazten badigu, igo dezagun irratiaren bolumena, askoz ere kontu interesgarriagoak daude goizeroko magazinetan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s