Kaskezurrarena

Hainbat emakume bortxatu ondoren, eskuak lotu eta burua pirañez betetako putzu batean sartu diote gizonari, albisteak dioenez. Ez da iturri fidagarriegia, Facebooken topatu dut albistea, azken aldian sarritan gertatzen zaidan bezala. Interesgarria da jendeak Facebooken gauzak jartzeko dauzkan irizpideei so egitea. Irudi hau, kasurako, zeinak ageri duen gizon bortxatzailearen gorpu biluzia eta, haren gainean, iltzatuta bezala, pirañek xehe-xehe garbitutako lepoa eta kaskezurra, haragi zantzurik gabe, kaskezurrek izan ohi duten irribarre zoro eta konprenigaitz horrekin. George C. Romeroren film bateko irudia dirudi, baina ez da. Errealitatea da, auskalo munduko zein bazterretan. Higuinari eutsiz argazkiari so egiten badiozu, pirañen hozkadak ikusiko dituzu, nola jan duten eskura zeukaten haragia, eta nola ibili dira uretik kanpo geratutako gorpuari haragia lapurtzen, akaso horretarako uretik kanpora jauzi eginaz. Dena da hezur horixka gizonaren lepotik gora, salbu eta buru gainean geratutako ile batzuk, zeinak, irudiz, pirañei ez zaizkien interesatu edo ezin izan dituzten jan. Burua aldatutako panpina dirudi hildakoak, baten batek jostailuzko panpinari kalabera baten burua jarri izan balio bezala, eta buruaren gainean, ile xerlo bat baldarki itsatsita. Baina egiazkoa da, eta nire lagunen edo ezagunen batek jarri du bere Facebook orrian, besteok ikus eta gozatu edo pairatu dezagun.

Bitxia da, guretzat ederregiak edo lohiegiak diren gauzak, zenbatetan izaten diren morboaren mugen barruan daudenak. Gustatzen zaizkigu musikari edo dantzari prodigioak, demagun kalean jotzen ageri direnak eta harrigarriki azkar jotzen dutenak, ados, baina are gehiago gustatzen zaizkigu gauza izugarri odoltsuak. Eta besteekin konpartitzen ditugu, ustez besteek ere interes bereziren bat aurkituko diotelakoan. Ez gara morboaren aldekoak, baina, konpartitzen hasita, ba, nola esan, salbuespen bat egiten dugu.

Munduan etengabeak dira halako kontuak. Eta badakigu. Baina, behar bada, badugu premia nolabaitekoa gertatzen direnak begien bistan jartzeko, gertatutakoa egiaztatzeko, geure kontzientzia zalantzakor eta aldakorrari gauzak nora diren oroitarazteko. Kontuz ibiltzeko. Duda geratzen zait, ordea, bizirauteko sena ote den, edo morbo hutsa.

Utzi iruzkina