Kataluniaren ispilua

Beno, badator, azkenik, Kataluniako hauteskunde kanpaina. Katalunian gertatzen ari denak, hemen gertatzen denaren neurri zehatza ematen digu. Geure ispilua balitz bezala. Ezker abertzalea EAJri zerrenda bateratuaren formula erregutuz, EAJ ezker abertzaleari enegarren ezezkoa emanez. Ez dakit zeinena den jarrera konprenigaitzagoa, baina biak leudeke autismoaren mugan.

Josu Erkorekari galdetu dio Maite Artola kazetariak ea zergatik den posible halako ekimen bat han, eta ez hemen. Gauza ezberdinak direla, nazio ezberdinak erran nahi baita, geurea eta haiena. Honatx, historikoki Espainiak geuk Irlanda aipatu izan diogunean esan izan diguna, hitzezhitz. Eta gauza jakina da, geronek badakigu behintzat, «gauza ezberdinak dira» horrek, zinez, zera esan nahi duela: «Indarrez kendu ezin diguzuena guk ematea nahi baduzue, ez dakizue zein mundutan bizi zareten». Indarraren logika baita, Espainian bezala mundu osoan, agintean dagoena. Hala bada, EAJk menperatzailearen hizkuntza bere egin du, eta ume batek ere uler dezakeena deskubrimendua balitz bezala saltzen hasi zaigu. Ze badakigu ezberdinak garela, eta ezberdin izan nahi dugu gainera, eta konparazioa egiten dugu hain zuzen gauza ezberdinak garelako, eta gauza ezberdinei soilik dagokielako beste gauza ezberdin batekin konparatzea.

Trantsizioko itunaz geroztik, urteak eman ditu EAJk bortizkeria zilegi ez zela esanez, esku batekin agintea, eta bestearekin borra, biak zerabiltzan arren. ETArik gabe dena izango zela posible esaten zuten Madrilen, eta EAJk ugazabaren neohizkuntza huraxe erabiltzen zuen euskal matxinoen kontra. Hizkuntza bere ertz guztiekin gainera: hitzak han, kartzelak hemen. Orain ETArik ez dago, eta orduko leloa, gaurko hauxe bilakatu zaigu: ez direla «gauza bera». Erruletaren jokoa balitz bezala: ez zaizue tokatu, beste 50 urte autonomiaren jokoan.

Kataluniakoa hemen litzateke aplikagarri, beraz, «gauza bera» bagina. Baina garaiz butifarra batzuk jatea ahaztu zitzaigun, ordea, eta, berdintasuna erakusteko tenorean, ez daukagu asmoa, ametsa, delirioa baizik. Delirio askatzaile betikoa. Baina hori ez da nahikoa, eta nahikoa dela ez badakizu, Madrilen errepikatuko dizute, berdin errege jaunaren edo Urkulluren ahotik: jada ez dago haien artean ezberdintzerik.

Izutzeko modukoa da duela (esaterako) hamar urte esandako guztia, gaur ikusten ari garena ikusita. Hartzen baduzu duela hamar urteko egunkari bat, ezingo duzu ordukoaren eta gaurkoaren arteko loturarik egin. Edo iragana ez zen gertatu, edo gaur gertatzen ari dena ez da zinez gertatzen ari. Zeren eta EAJk nekez aurkituko zuen independentziaren alde ekiteko testuinguru aproposagorik: CiUren erabakia eta ekimena (orduan pentsaezina zena), ETAren jardunaren amaiera (orduan pentsaezina zena), eta gizarte oso baten babesa. Nolabait esan, urteetan bere maitasun platonikoa jazarri ondoren, harekin ohean dagoen maitalea da EAJ. Begietara so eginez, bere artean dio: «Ezinezko zenean, ederragoa zen; orain ahal dudala, ez dut nahi». Maitasun platonikoa, hain zuzen, platonikoa baita erreala ez delako. Maitaleari, ahopeka, esango dio: «Izan gaitezen lagunak». Zeren eta gauza jakina baita estatutu berria delakoa dela modu iruzurgile bat esateko ezer ez dela aldatuko. Eta EAJ sortzera bultzatu zuen eta EAJren ardatza, teorian behintzat, izan zen Euskal Herriaren askatasuna ez dela, dagoeneko, EAJren ardatzean dagoen asmo bat, ez bada trompe l’oeil bezala erabiltzen den asmo lauso eta urruneko bat, alderdiko jende zinez askatasun zalea (eta zinez despistatua) asetzeko.

Bitxiena da, EAJren erantzun guztiz harrigarri honen aurrean, inork ez diola azalpenik eskatu. Nekez aurkituko duzu munduaren historian EAJ baino mugimendu trinko eta akritikoagorik. Beleta bat baino maizago aldatzen da, ekinbide zentzugabeak eta, are, inpopularrak hartzen dituzte, baina inor ez zaie oldartzen. Estatutua (!) onartu zuten (aho txikiz), OTAN (!) babestu zuten, Lemoizen alde (!) egin zuten, PP (!) bezalako alderdi batekin sortu zuten Ajuria Eneako ituna (!) euskal matxinoak deusezteko, beren polizia bidaltzen zuten herria makilka har zezaten, Kukutza eraitsi zuten, baserritarrei lurrak kendu zizkieten beren tren inozo hori jartzeko… zerrenda amaigabea da, baina zerrenda luze horrek, botoak kendu baino, pitzadurak sortu baino, indartu egin ditu.

Egia da, bestetik, ezker abertzalearen oposizioa ez dela oposiziorik trebeena izan, hori behar bezala esaten inor gutxi entzungo dugun arren. Ezker abertzaleak berak bultzatu zuen ETA azken pauso erabakigarria ematera, ilusio handiz bultzatu ere, baina zinez, ezker abertzalearen baitan plan bakarra zegoen. Eta plan bakarrek beti izaten dute arazo bat: ez bada ateratzen ezer gabe geratzen zarela. Alegia, edozer egiteko, gauzarik txikiena ere, beti behar izaten dela B plana. Eta ezker abertzaleak, esan dezagun garbi, ez dauka. Handik eta hemendik ari zaizkio esaten, eta ez ditu, itxuraz, kritikak alaitasun handiz hartzen. Eta pena da, kritika horien artean egon baitaiteke zulotik ateratzeko gakoren bat. Baina politika hala da (eta ezker abertzalea ez da noski salbuespena): kritikak beti soberan daude.

Eta ezker abertzalearen akatsik handiena, beharbada, EAJ behin eta berriz jokalekuaren erdira ekartzea izan da. Orain ere, zerrenda bateraturako proposamena eginez, modu batean, ezker abertzalea bera da gaizki geratu dena. Maitale despreziatua bezala. Estigmatizaturik. EAJk ezker abertzalearen lamia kantuak hartzen ditu autosufizientzia ikusgarri batez. Eta hortxe ikusten da, bata zein sendo dagoen bere tokian, eta bestea zein ahul dagoen berean.

Bai, geure ispilua da Katalunia. Haren parean jarrita, ordea, ez dugu guk uste genuen gazte lerden eta indartsua ikusten, ez bada agure nekatu eta galdu bat, bere bizitzaren akaberan dagoena kasik. Izan ginenaren irudi deformatu bat.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s