Ketchupa

Juan Diego Yllanes hiltzailea kartzelatik ateratzen hasi dela irakurri dut egunkarian, Nagore Laffageren hilketagatik sei urte besterik bete ez dituenean. Halako albisteak irakurtzen ditudanean J.D. Salingerren Holden Caulfield oroitzen dut, zekale soroetan hiltzera zihoazen haurrak harrapatu nahi eta ezin zituen pertsonaia sentikor hura. Amesgaiztoa zen harentzat, bazekien haurrak hil egingo zirela, baina bere besoak txikiegiak ziren, edo soroa handiegia, eta ezin zituen geldiarazi. Geure besoak ere txikiegiak dira, edo mundua handiegia, albiste txarrak erauntsian datoz, saldoka, ezkerretik eta eskuinetik, egunero, eta haiek geratzeko ttattarregiak gara. Ez naiz inori kartzela opa zale, kontraesan handiegiak sortzen dizkit horrek. Gehiago naiz Angela Davisek aipatzen duen abolizioaren aldekoa. Kartzelak eraistearen aldekoa alegia. Denborak eta eskarmentuak erakutsi baitute, Rafa Diez eta Aitzol Gogorza guztiek irauten dutela barruan, Amedo, Barrionuevo, Galindo eta Juan Diego Yllanes guztiak libratzen diren bitartean. Kartzela hori da, hori izan da mendeetan, eta hori izango da etorkizunean ere: kosmetika. Esaten dizute badela zulo bat gaizkia gordetzekoa, ordena hausten duen oro han giltzapetuko dutela, baina, ordua iristen denean, trilero miserableen gisara, tranpa egiten dute, eta libratu egiten dira. Yllanes, emakume bat bere eskuekin hil zuen gizona, nola akabatu zuen kamera aurrean deskribatu zuena, egindakoa ezkutatzeko Laffageren hatzak mozteko gai izan zena, bizitza inuzente bat betiko itzali zuena, mundu honi ezer onik ekarriko ez diona, sinpleki, haietako bat da. Familia oneko bat. Eta orain kalean dago.

Ez dakit noiz ez non irakurri nuen hanburgesa etxe ospetsu baten haragia aztertzen hasi eta kaka aurkitu zutela haietan. Ziotenez, haragia xehatzen hasita heste zatiak ere barrura botatzen zituztelako gertatzen zen, haragi ona eta soberakinak nahasten zituztelako, herri xehearen mahai xeheetan zerbitzatzeko. Hain urria zen kakaren kopurua haragian, ze, jatean, ez zenuen hura nabaritzen. Kola freskagarri eta patata frijituekin batera irensten zuen jendeak, jaten ari zena jakin gabe, edo, behintzat, sentitu gabe.

Justiziarekin berdin gertatzen da, haragi txukunaren erdian sartzen dizute kaka, eta jaten duzu eta listo. Usain fina ez baduzu ez zara enteratzen. Eta enteratzen bazara ere, zer axola du; ketchup pittin batekin ez da nabaritzen.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s