Literaturaren mugez

Lehengoan lagun batek galdetu zidan ea harremanik ba ote den ikus-entzunezkoen eta literaturaren artean. Ez da lehen aldia galdetzen didatela, eta beti geratzen naiz pentsakor eta ez dut jakiten zer esan. Lehengoan, ordea, txio bat idazten ari nintzela (twiterren) halako esaldi txoro horietako bat etorri zitzaidan: «Geroz eta gehiago gustatzen zait literatura, geroz eta gutxiago liburuak, eta batere ez liburugintza». Pete Dexterren Paris Trout irakurtzen ari nintzen (ari naiz), eta berriz literaturaren plazera deskubritu izanaren bozkarioak bultzatuta idatzi nuen. Zeren eta literaturaren bozkarioa, bozkario denean, beti da ezberdina eta beti da berria. Hori dauka literaturak niretzat ezinbesteko bilakatzen duena: plazer beti berri eta beti estimulanteak ematen dizkidala, askotan esperantza guztiz galduta neukanean gainera (a bout de soufle).

Ezin dut gauza bera esan liburugintzaz, edo liburuaren periferia gogaikarriaz. Eta bitxiena da horri esaten zaiola, liburugintzari alegia, literaturaren mundua. Eta niretzat Jan Saudeken argazki batek askoz ere lotura gehiago dauka literaturaren munduarekin, liburuari lotutako ekimen gehienek baino. Literatura da liburuaren barruan dagoena eta berdin argazki baten barruan dagoena eta berdin zinemaren eszena baten barruan dagoena. Da bizitzaren lekukotasun bat emateko erabiltzen den hitzez eta irudiez (beti daude irudiak) osatutako artifizio bat. Sergio Leoneren Once upon a time in America filmean bada eszena bat haur bat agertzen dena zirrikitu batetik neska bati begira, honek dantza egiten duen bitartean. Ez naiz gai sentitzen eszena horretan literaturarik ez ikusteko. Beste eszena bat: zoro batek gauero soro bateko kuiak zulatu eta txortakatu egiten ditu; gau batez baserritarra eskopetarekin itxarongo dio, galtzak belaunetan eta zakila kuiaren barruan dauzkala hari tiro egiteko. Eszenak zinematik aterata ematen du guztiz, baina McCarthyren Sutree liburuan irakurri nuen (Faulknerrena omen da berez, Xabier Montoiak aipatu zidanez). Nonbait geure esentzia hunkitzen duten irudiak dira guztiak, beste bizitza urruneko batez dihardutenak, baina, egoki kontatuak daudelako hain zuzen, geure egiten ditugunak.

Gogoan dut, oso aspaldi, nire anaiak Silvio Rodriguez handiaren kantu bat jarri zidala: «Horrenbeste gauza idatzi dut alferrik, neure burua deskubritu gabe, neure burua aurkitu gabe». Umiltasun ariketa handia da idaztea eta idaztea eta idaztea eta onartzea idazten duzuna alferrikakoa dela, ez duela ezertarako balio, ez delako literatura, baizik eta liburugintza gizentzera eta asebetetzera datorren hitz multzo alferrik galdutako bat. Bat gehiago.

Horregatik, literaturaren eta ikus-entzunezkoen artean ezberdintasunik baden galdetzen didatenean, ezer esan ezinik geratzen naiz, zinez ezetz sentitzen dudalako, ez dagoela alderik. Edo agian bai, agian aldea handia dela, baina liburutik liburura egon daitekeena bezalakoa, edo are, liburuaren barruan bertan, lerrotik lerrora egon daitekeena bezalakoa.

Nire ingurura begiratzen dut, liburuez jositako apal koloretsuak ikusten ditut, denek daukate azala, askok sinopsia atzean, batzuk egilearen argazkia dakarte, beste batzuk soilak dira. Denak dira ezberdinak, denak daude nolabaiteko sakrifizioarekin eta ilusioarekin eginda, baina haietan zinez literatura gutxi dago. Oso gutxi. Halakoxea baita literaturaren mundua, liburu eta parafernalia ugari, eta zinezko literatura ia batere ez.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s