Literaturaren testuinguruak

Nazio txikiak ez dira nazio handiekin bertako biztanleen kopuruagatik bakarrik ezberdintzen; zerbait sakonagoa da: beren existentzia ez da behin betikotzat jotzen den ziurtasuna, baizik eta kezka bat, erronka bat, arrisku bat; Historiaren aurrean defentsiban ari dira». Eta zer da Historia? «Nazio txikiak gainditzen dituen indar handia, kontsiderazioan hartzen ez dituena, ikusi ere egiten ez dituena». Kakotx arteko hitzok Milan Kunderarenak dira, Frantzian bizi eta frantsesez idazten duen idazle txekiarrarenak. Badaki, beraz, zertaz ari den nazio txikiez ari denean. Kunderak Sobiet Batasunaren inbasioa bizi izan zuen, eta handik ihes eginda bizi da egun Frantzian. Asimilazioaren mamuari aurrez aurre begiratu dio, honenbestez, bai sobietarrek Txekiar Errepublika kolonizatu zutelako, eta bai bere sorterritik urrun, beste hizkuntza (arrotz) batean idazten duelako.

Literaturaren historian nazio handiak baizik ez dira ageri eta haien hizkuntza hegemonikoak. Hasi Cervantesekin; Rabelais, Flauvert, Shakespeare, Sterne, Tolstoi, Garcia Marquez… denak hizkuntza hegemonikoetan arituak. Hizkuntza ez ezik, botere politikoak ere baldintzatzen du literatura baten nortasuna, sendotasuna, premia edo patxada: «Poloniarrak eta espainiarrak parekoak dira kopuruz, baina Espainia potentzia zaharra da, bere existentzia mehatxupean inoiz ikusi gabea; Poloniak, ordea, badaki zer den ez izatea, Historiak irakatsi dio», diosku idazle txekiarrak. Jarri Euskal Herria Poloniaren ordez.

Egia ote? Hamaika bider entzun dugu, ez dela hizkuntza, baizik eta obra historiaren harri ezin landuzkoan tokia aurkituko duena, geure mundu demokratiko hipertolerante honetan. Mundu guztia bizi dela kalitateari begira, ez horrenbeste obraren kokaleku geopolitikoari. Geure literaturan bertan, ugariak dira euskal estatu balizko baten aurrean dudati ageri direnak, geure literaturaren patua eta bizirautea geure erronka politikoengandik bereizten dutenak. Idazle txekiarra askoz ere ziurrago mintzo zaigu honi guztiari buruz: «Kafka idazle txekiarra dela esatea zentzugabekeria da. Kafkak alemaniarrez bakarrik idazten zuen, eta idazle alemaniartzat zeukan bere burua. Pentsa dezagun une batez bere liburuak txekiarrez idatzi zituela; nork ezagutuko lituzkeen? Bere aberrikideen arteko inork ez zukeen nahikoa autoritatetik urruneko hizkuntza hartan idatzitako testu bitxi haiek ezagutzera emateko. Ez, sinets iezadazue, inork ez zukeen Kafka ezagutuko».

Literaturaren Historiaren baitan sartu nahi izatea, euskaldunon gaur egungo begietatik begiratuta, txorakeria da. Ez da aintzat hartzen. Ez nahi ez delako, baizik eta asmoak eta aukerak elkar lotuta doazen kontzeptuak direlako. Badaki morroiak morroiaren alabarekin ezkondu beharko duela. Itsusia da, ordea, zinikoa ez esatearren, batzuk justiziari egindako kontzesio handi horri nola esaten dioten umiltasun. Inori morroi izatea gustatuko balitzaio bezala.

Frantsesak eta espainiarrak, errusiarrak eta alemaniarrak bezala, toki naturalean daude historian daudenean. Kasik esango genuke historia haientzat asmatu zela. Ba ote zen historiarik erreinu handien aurretik? Ez, historiaurrea zen! Eta hori hala denez, haiek sortutakoa izango da artea, eta haiek sortutakoa izango da kanonikoa. Ongi arduratuko dira hala izan bedi… aniztasunaren izenean!

Kanboko Arnaga etxeaz akordatu naiz. Nerabe garaian bisitatu genuen ikastolarekin, Elmond de Rostand idazle handiaren etxe (palazio) zoragarria. Euskal estiloko eraikina, fantasiazko lorategi baten erdi-erdian, Pariseko lorategiak irudi. Nor zen, baina, etxe hartan bizi izan zena? Les dangereux liaisons (Harreman arriskutsuak) liburu bikainaren egile ospetsua, Euskal Herrian jaiotakoa. Euskalduna beraz, gaur egun euskaldun kontsideratzen duguna aintzat hartuz. Hara!, euskaldun bat Literaturaren Historiaren Orrialdeetan! Ez, ordea, Rostandek frantsesez idazten baitzuen Frantziako literaturaren testuinguruaren barru-barruan… munduarentzat!

Euskadi Sarietan gaztelaniaz idazteagatik baztertuak izan direla salatu izan duten idazle kaskar horiek guztiak akordatzen zaizkit. Badira batzuk (saria patrikan ongi gordeta) mikrofonoen aurrean marmarka eta marruka jardun dutenak, haiei zor zitzaien errespetua, begirunea eta sona lortu ez zituztelako. Eta bitxia egiten zait, haien aurrean txaloka eta elkartasun keinuak eginez nola ibili izan diren euskaraz idazten duten idazleak, euskaraz idazten dutelako inork inoiz aintzat hartuko ez dituen idazle handiak tarteko. Halakoak gara txikiak.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s