‘Littérature de nulle part’

Urruñako Leclerc merkataritza guneko liburu-dendan haztamuka nabil. Noir atalean ehunka ale, pollard atalean beste horrenbeste, saiakera, komikia (bd esaten diote hemen, bande designé-ren laburdura) biografia… bada kalitatea eta bada zer irakurria. Argitaratzen den literatura gehiena, poche bertsioan plazaratzen dute, tamainaz murritzagoa, diseinuz apalagoa eta salneurriz oso merke. Berdin aurkituko dituzu klasikoak, Victor Hugo, Balzac edo Bram Stoker, eta gaurko literatura modakoa, Amelie Nothomb, Houellebeqc edo Yasmina Khadra kasurako. Denak bospasei eurotan. Inpresioa daukat, unean uneko best seller-ak salbu, oso gutxi aldatu direla apalategiok azken hamar urteotan. Hemen dauzkat nire aurrean Cinquante nuances de Grey eta Cinquante nuances plus sombres, erabili eta botatzeko literatura mota hori, badakizue, zeina boladaka aldatzen baita. Bada beste liburu mota bat, azken horiek bezala erabili eta botatzeko izan arren urteetan irauten duena, tema ikusgarriarekin, adibidez Paulo Coelhoren L´alchimiste, zeinak, dudarik gabe, datozen bost mendeetan liburu-denda guztietan geratzea lortuko duen, alkimia hutsez. Julian Barnes, Richard Ford, Coetzee eta gaurko idazle pisuenak ere hemen daude, denak ere poche bertsioan, irakurtzeko zaletasuna daukanak amuari haginka egin diezaion. Zaila da, irakurtzeko zaletasuna eta gogoa izanez gero, esku-hutsik irtetea.

Bitxia da zein literatura itzuli gutxi dagoen. Adituek eta estatistikek diote frantsesek frantsesek idatzitakoa irakurtzen dutela. Anglosaxoiak ere halakoak omen dira, chauvinista hutsak. Asko idazten da bi hizkuntza horietan, gauza onak gainera: zertarako irakurri, beraz, itzulitakoa? Itzulitakoa ez ote da, azken batean, kopia kaskar bat?

Euskarazko liburuak bilatu ditut baita baldosen artean ere, baina umeentzako txokoan bakarrik daude. Non bestela? Euskaraz umeei eta animaliei, esana dagoenez. Selekzioa bitxia da, geure sei probintzietako merkataritza gune guztietan gertatzen den bezala. Euskaraz kaixo eta agur esaten ez dakien baten batek egindakoa dela nabaria da. Pentsatzen jarri naiz, nork eta nola, zeinen aholkuak segituz egin ote duen hautaketa aldrebes hori. Ez dut adibiderik jarriko, inor haserretuko zait bestela. Baina erregai litro batzuk eta pospolo bat erabiltzeko gogoak irentsi behar ditut.

Gaztelaniazko liburuak bi taldetan banaturik daude; batetik, Ameriketako liburu bikainak, Cortazar, Garcia Marquez, Benedetti, eta, bestetik, Espainiako literatur kaxkarra, Ruiz Zafon, Elvira Lindo, Lucia Etxevarria. Deigarria egin zait, Espainiako egileen selekzioa zein txarra den, eta pentsatzen hasi naiz, itzulitako liburu guztiak zein urruti dauden geure egileen mailatik. Horietako zein ailegatzen den geure bi nobelagile maisuen (Sarrionandia eta Saizarbitoria) mailara. Merkataritza gunetik atera eta Donostian ordu erdi eskas batean egongo ginateke. Baina han inoiz izan den nobelagile handienaren libururik ez dago, azkena duela hilabete gutxi argitaratu duen arren. Politikak eta merkatuaren legeek bat egiten duten puntu estratosferikoan baino ezin da halako paradoxa ulertu. Saizarbitoriak titularrak eta titularrak betetzen ditu, zaleak atzetik saldoka ditu, literatura prodigiosoa idazten du, baina bere etxetik hogei kilometrora ez dituzte bere liburuak nahi, nahiago dituzte Lucia Etxevarriarenak. Azken hori, izan ere, littérature spagonole da, eta Saizarbitoria, ordea… zer da Saizarbitoria? Littérature de nulle part?

Esadazue, Estatuan sinisten ez duzuen euskal idazleok (Saizarbitoria bera ez ote dagoen talde horretan!), zinez munduko idazle guztiak ez ote diren ikusgarri bandera baten aterkiaren azpian bizi direlako. Eta beste guztiak ez ote dauden isiltasunera kondenatuta, hain zuzen, aurkakoagatik.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s