Nire titi hauek

Derrepente (beti da derrepente) txirrina jo dute eta postaria agertu da Nobel saria irabazi duzula iragartzen duen gutuna eskuetan dakarrela. Ez dakit zenbat gramoko papera da, bi izkinetan natura-irudiz apainduta, baina ez tindaz, ez bada erliebez. Hatz mamiekin igurtzi duzu papera marrazkiari antza hobeki hartzearren. «Albiste onak?», galdetu du betaurrekodun postariak (zer da betaurrekorik gabeko postari bat?). «Uste dut aurrerantzean lan asko izango duzula helbide honetarako gutunak ekartzen», erantzun diozu.

Bazkalosteko film kaskarren lurrina darion irudi hau etorri zitzaidan Alice Munroren sariaren berri izan nuenean. Autoz nindoan etxerantz, eta neure artean pentsatu nuen: zergatik etorri ote zait halako irudi sentimental bat burura? Zeren eta esan behar baitut Nobel akademiak aspaldion ez daukala ospe onik neure etxean. Indiferentzia handiz bizi izan ditut azken urteotako sariak, antzerki batean aktore batek jostailuzko pistola ateratzen duenean bezala, han ezer gertatuko ez den sentimenduarekin. Ozta petardoaren eztandaren ikara bat-batekoa, eta gero, ezer. Zer axola zait niri hura edo beste saritzen ote duten. Imajinatzen ditut palazioko konspirazioak, deiak, mezuak, presioak, ustelkeria. Eta ez nau erakartzen. Literaturak erakartzen nau (erakartzekotan, geroz eta gutxiago) baina ez sariek.

Alice Munrok saria irabazi duela jakiteak, ordea, nire sentimentalkeriaren atakak zabaldu ditu, eta Nobel saria erreala dela irudikatu dut lehen aldiz. Olentzero opariak uzteko unean deskubritu duen haurra naiz. Gizon zahar benerable eta errespetagarri bat irudikatzen dut bere (antzar) lumaz Alice Munro andereari gutun adeitsu eta miresmenez beteriko bat izkiriatzen. «Dear Alice», dio hasieran, hitz maitagarriegiak agian, baina ia deskuidoan atera zaizkionak. Papera hautsi ez hautsi geratu da gizona (burusoila da, eta betaurreko laukiak, Koldo Mitxelenaren erakoak). Zergatik ez idatzi «Dear»?, arranoa! Pozik dago gizona, badaki inoiz inork idatzi behar zuen gutuna idazten ari dela, justizia egiten ari dela, eta, behingoagatik, gustura idatzi eta sinatuko du idatzia. «Niretzat atsegin mugagabea da gutun hau idaztea», dio, ezin kabitu.

Zergatik, galdetzen dut berriz neure artean, zorion hau?

Eta orduan 82 urteko emakumezko idazlearen dema akordatzen zait. Idazlearen lehia aditzaren, sintaxiaren, humanitatearen eta, batez ere, gizonon gizarte honen aurka. Literaturara emandako amaren desafioa egunak luzatzeko, errutinaren diktadurari han eta hemen zirrikituak bilatzeko eta idazten segitzeko. Zer da lehenik, galdetzen dio idazleak bere buruari, bizitza ala literatura?

Nik badakit, gertutik ezagutzen dudalako, zein den XXI. mendeko emakume idazlearen bizimodua. Beren izenari erantsitako emakume hitza, eta erantsi horri dagokion kondena. Gizon ustez ezkertiar eta ustez progresista askok eraikitako mikroskopioaren kristalen artean bizi da emakume idazlea, bere irri fortzatua nola jarri ez dakiela, ez diezaioten zatar eta, batik bat, ez diezaioten emagaldu deitu. Eta kontuz kristalon artetik ihes egiten saiatzen bada. Gizon ustez berdinzaleek emakumearen bikaintasuna non hasten den eta emakumeen ahuldadea noiz amaitzen den erabakitzen ari diren bitartean, haien etxeetako trapu zikinak garbitzen ari dira emakumeak, XXI. mendeko gizarte modernoaren espero eternalean. Eta, ahal dutenean, idaztera jartzen dira. Hori da dena. Horregatik, Alice Munro saritzen dutenean, bularrean hazten ari zaizkidan titi gero eta handiagoak atera eta leihotik garrasika hasteko gogoak pizten zaizkit.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s