Olinpiar borroka

Hamahiru urte ditut eta nire gelako ohean nago, lotarako tenorean. Nire alboan, telebistari begira, nire anaia zaharrena eta nire ama. Hirurak pilatuta gaude nire fornikazko ohe urdin ederrean, zeina, nire ohea izateaz gain, etxeko sofa ere baden. Niretzako logela aldarrikatuz geroztik ordaindu behar izan dudan prezioa da, baina gustura nago, etxekoengan telebistarako gogoak amaitu orduko bakarrik geratuko bainaiz neure logela estreinatu berrian. Bai, ez da gauza samurra nire anaia zaharrena eta nire ama aguantatu beharra, ezta nire amaren zigarroak ere, baina inork ez zigun esan bizitza intimoa gauza sinplea eta erraza izango zenik: konkista bat da, eta emeki lortzen ari naizen sentimendua daukat. Hurrena, telebista gelatik atera eta sukaldean ipintzea izango da, baina hilabete parea itxarongo dut horretarako. Gau honetan, gauero bezala, kirolariak ageri dira telebistan, esatariaren murmurio monotonoarekin batera. Kirolari mordoa dago urruneko Seul ezezagun horretan, eta denetik egiten dakite, korri egiten bezala salto egiten eta ezpata hartuta naiz arkuarekin borroka egiten ere bai. Gauero aritzen dira, baina ez diet aparteko kasurik egiten. Nire anaiak eta amak ere ez, baina hortxe daude gauero nire aldamenean, derrigorturik bezala, erdi lo bata, zigarroak errez bestea.

Baina gaur gauean ezustekoa hartu dut, behingoagatik kamera aurrean ageri den kirolariaren berri badudalako: Carl Lewis izena du, eta nire lagun onenak behin eta berriz aipatzen du. Nire lagunak, Aitzolek, ia dena daki munduaz, boxeolariak ezagutzen ditu (Cassius Clay), zinemako izarrak (John Wayne), musikariak (Rod Stewart), eta autoen markak ere bai (Opel Vectra). Dena diodanean, dena esan nahi dut. Eta hark aipatu zidan Carl Lewis, eta badut susmoa, nire lagunak aipatu zuenez, ez dagoela inor bera baino hobea, eta akaso ez dela inoiz egon, nire lagunak aipatzen dituenak puntakoak baitira. Eta hortxe dago egurrean zizelkatutakoa dirudien gorputza daukan gizasemea, esku ahurrekin izterrak kolpatzen dituela, gorriz jantzita, mahukarik gabeko elastikoaz apain-apain. «Carl Lewis da», diot, «munduko onena». Anaiak zeharka begiratu dit, amak erretzen segi du, mutu. Irteteko lerroan jarri dira, zutunik lehenik, kamerari agur eginez, eta belauniko gero, oinak korrika hasteko erabiltzen duten zera horretan.

Ez diot neure buruari galdetzen nork irabaziko duen, hori gauza jakina da, nahi nuke jakin adibidez nola egiten duen lasterka munduko onenak, pistola eskuetan dagoen txanoz jantzitako gizonak tiro orduko ikusiko dudana. Ze hori da duda bakarra: nola egiten du lasterka munduko onenak? Zertan ezberdintzen da? Pausoak luzeago edo azkarrago eginez lortuko du besteak bareen pare barregarri uztea? Zein ote da bere sekretua? Pam!, entzun da, eta denak ziztuan abiatu dira, eta badirudi baten bat ari zaiela sokaz eusten, lepoa aurrera eta atzera ari baitira aurrerantz egin nahian, nekez, kostata. Ez da ongi atera Carl Lewis kuttuna, azkarrago ari da bera baino askoz ere ttattarragoa den bat, paparrean lore bat daraman burusoila. Oro da beso eta oin nire begien aurrean, denak ari dira imintzioka ahalik eta azkarren joateko eta, lasterketa erdira ailegatu direnean, gizon beltz ttattarrak abantaila ederra dauka. Oraintxe, amaieran iritsiko al da Lewis mitoaren azken kolpea? Hamar metro geratzen dira ailegatzeko, eta esataria, nire izu bera balu bezala, oihu batean hasi da: «Johnson!, Johnson!». Ez da harritzekoa, eskuineko hatz erakuslea altxata sartu baita helmugan Johnson delakoa, aise, arin, airean, bera bakarrik, beste zazpi lasterkariak apaingarri gisa baleude bezala, baita etsipen keinuz helmugan sartu den Lewis bera ere, bere buru errektangularki perfektuarekin, neure eta esatariaren harridura konpartituz, alboetara begira. Orduan entzun dut lo zirudien baina batere lo ez dagoen nire anaiaren boza: «Non da ba zure lasterkari hori?». Amak irriño bat egin du orduan, kea boteaz. Nire ohean daude, niri trufa eginez. Konplikatua da, bai horixe, intimitatea lortzeko borroka kasik olinpiko hau.

ARGAZKIA

q009_f01

Eguna. 1988ko irailaren 24a.

Ekitaldia. Seulgo Olinpiar Jokoak. 100 metrokoen finala (giz).

Emaitza. Ben Johnson lehenengo (9.79), Carl Lewis eta Lindfor Cristieren aurretik. Bi egunera kanporatu zuten, positibo eman zuelako. Urrea eta marka kendu zizkioten.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s