Oparia

Aspaldi zen ez nuela nire laguna ikusten, eta harrigarria egin zait, gu guztiongan kalte nabarmenak eragin dituen denbora zein delikatuki ahaztu den berarekin. Ez dakit hizketan geratu beharko nukeen, herrian ikusi nuen azken aldietan agur soil bat botatzen genion elkarri espaloi batetik bestera, harremanen ahidura. Eta beharbada irri egin duelako edo agian jakin-min handiegia dudalako, geratu egin naiz. Ahalik eta azkarren trukatu ditugu oinarrizko kontuak, eta gero, oharkabean, esan du: «Ikusten dut liburuekiko zaletasuna mantendu duzula». Esaldia amaitu orduko oroitu dut, ez larritasunik gabe, aspaldian oparitu nion liburu hura, garai hartan harremanaren baitako keinu sotila izan zitekeena, baina orain, denboraren joanarekin, sedukzio keinu garbi bezala ageri zaidana, bat-batean gure harreman osoa keinu salatzaile horretan kontzentratuta balego bezala. Gaia aldatzeko imintzioa egiten dut, liburua honezkero ahaztuta izango duen esperantzarekin, baina gaiari eusten dio hark, eta aipatzen du tarteka egunkarietan ikusten nauela, beti egiten diola «grazia» ni horren pose edo aldarte serioan ikustea. Desenkusatzen saiatzen naiz, ni beti ahalik eta pose naturalena jartzen dudala esanez, eta eskuarekin keinua egiten dut axolagabezia azaldu nahian, eta gero txorakeria hitza aipatzen dut, geure mundu hau (literaturarena) txoroa dela adierazteko eta, kontua garbi uzteko, zirkua eta fartsa hitzak aipatzen ditut.

Denda baten parean gaude, eta ezusteko enkontruen ohiko zailtasunen biktima; banatzaile bat pasatzen da bere orgarekin, edo emakume bat eskuetan erosketen poltsak hartuta, eta orduan geuk elkarrizketa eten egin behar dugu pittin hona edo hara mugitzeko, eta mugimendu horietan zinez sentitzen dugun urduritasuna ikusten da, edo urduritasuna ezkutatzeko trebezia eskasa, han geratzen garelako hankak eta besoak nola jarri jakin gabe, orain hanka batean bermatuta, gero besoak gurutzatuta, edo eskuak patriketan sartuta.

Handik lasterka alde egiteko tentazioa sentitzen hasia naiz, baina urduritasunaren ondorioetakoa izaten da agur esaten ez jakitea, despeditzeko hitz aproposak ez aurkitzea. Baina gaia aldatzea lortzen dut behintzat (oparitutako liburuaren mamua uxatzea), eta bere bizitzaz hizketan hasten zait. Ez da oso bizitza alaia, eta ez da tristea ere. Bizitza arrunta da, gertakari edo sentimendu gatazkatsurik gabea. Hitzak gaizki hautatuz esan ohi dugun bezala, bizitza arrunta du. Nire artean mendekuaren gozoa sentitzen dut, bere gristasunean are eta garbiagoa ageri baitzait inoiz neska seduzitzeko izan nuen plana, eta porrotak nigan sortu zuen etsipen mingotsa; «Horra bere ni gabeko bizitza emozio bakoa», diot nire artean. Hain da patetikoa pentsamendua, ezen burutik kentzen saiatzen naiz, baina alferrik.

Neskak hizketan jarraitzen du, eta jada ahaztuta neukan ilea begien paretik kentzeko keinua egiten du behin eta berriz, eta konturatzen naiz behinolako edertasuna daukala oraindik, handiagoa ezpada, halako irmotasun bat keinuan, edo patxada bat agian. Eta bere edertasunagatik (berriz) liluratzear nagoenean, entzuten dut: «Nik ez dut irakurtzen. Egia esan behar badut, nire bizitzan irakurri dudan liburu bakarra zuk oparitutako hura izan zen… oroitzen duzu, ezta?». Hantxe gaude espaloiaren erdian, Cyrano zapuztua eta neska lerdena, biak parez pare, eta ez dakit zinez entzun dudana entzun ote dudan edo hitzok imajinatu ditudan, baina masailak gorritzen hasi zaizkidala sentitu dut bat batean, eta neskari halako irri maltzurra sortu zaiola, aurretiaz aipatu dudan bizitza arruntarekin zerikusirik batere ez daukan keinu landu eta sofistikatua.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s