‘Pino sindromea’

Bada joera bat idazleen (eta kritikoen eta editoreen eta kazetarien eta) literaturaren ingurumariko beste batzuen artean testuari buruzko eztabaidak saihesteko. Liburuez kezkatu behar genuenok, nolabait, liburuak ahaztu ditugu edo, behintzat, liburuen barruan datorrena. Garrantzitsuena ez baita liburua bera, baizik eta nork argitaratu duen, non, eta zein den haren laguna, eta zein bere etsaia. Liburua argitaratu orduko, esamesak zabalduko ditugu gure interesen arabera, baina titularren bidez besterik ez. Ez dugu liburua aztertzen denbora galduko. Erdi egiak, egi errukiorrak eta gezurrak nahasiko ditugu, garrantzitsuena ez delako zorroztasuna edo sakontasuna, baizik eta literaturaren jokoa. Esgrima. Erregearen gorteko konspirazioak. Ederra da konspirazioa; are, beharrezkoa da. Eta gehiago de vive voix denean, lagunarteko intimitatean. Bizitza alaitzen du. Maite dugu, plazer ematen digu. Non aurki daiteke plazer handiagoa, lagun ilustreen artean falta den lagun ilustrea egurtzen baino? Lagun ilustrea laidoztatzeak are ilustreago bilakatuko zaitu, eta horretarako ez duzu ez esfortzurik, ez talenturik beharko, ez bada mihi zorrotz sibilino bat. Badakit nire kolegaren bat, nire kolegetako asko ez esatearren, hitzotan bere arrastoaren bila ariko direla. Ez ezazue denborarik galdu, ez naiz honetaz edo hartaz ari, gu guztiotaz ari naiz. Ez baita (baikara) bakarra libratzen. Idazle on eta txar, saiatu nahiz alfer. Idazle finek eta zabarrek, goi arnasekoek nahiz komertzialek, langileek nahiz sekula lerro bakarra idazten ez dutenek: denek daramate ezpata bat galtzarbean gorderik… arerioa biratzen denean atera eta, ahal bada (zigorgabetasuna bermatuta badago), bizkarrean sartzeko.

Askotan aipatu izan da geure literaturan badirela lauzpabost txirrindulari ihes eginda, eta haien atzetik tropel handia datorrela irrikaz betea. Baina niri esajeratu samarra iruditu izan zait beti irudia. Geure literatura ez ote den Alvaro Pino hura bezalakoa, zeina bere azken urteetan (1989an), lasterketa batean, karrerista guztien greba aprobetxatu baitzuen, karrera hura irabazteko. Hainbesterainokoa zen bere irabazteko beharra, bakarrik lehiatzen konformatu baitzen, eta gainera garaile sentitu. Ez zuen jakingo, seguruen, lehena ailegatzeaz gain, azkena ere ailegatu zela.

Duela gutxi Xabier Mendigurenek aipatu zuen Twitterren izaten direla eztabaida literario bizienak. Benetan ideia patetikoa gordetzen du esaldiak, geure literatura txikiaren eztabaidak 140 karakteretan ebazten direla. Literatura handiak, beraz, unibertsitate handietan eta literatura aldizkari handietan ebazten dira, eta geurea, aldiz, txio ziztrin batean (edo bi dozena txio-tan, berdin dio). Entzun izan ditut, eta agian geure idazleren baten ahotan (ez dut oroitzen), etorkizuneko literatur kritikoak, iraganera begira hastean, geure txio-ak begiratzen ibiliko direla, eta hau dela, beraz, txiogintzarena alegia, geure gaurko benetako literatura (!). Alde batetik disparate izugarria da, bisten denez, boutade txoro eta fribolo bat, baina bestetik badu zentzua. Zeren eta ikusirik gure gaurko literaturari gure gaurko pentsamenduak zein tarte eskaintzen dion, ulertzekoa da esperantzaren bat izatea, nahiz eta eldarniozkoa izan, inoiz inor gutaz arduratuko dela… nola eta gure txio zaharrak arakatzen!

Guzti honekin esan nahi dudana da geure literatura txikia dela, ados, ezdeusa dela, ados, eskasa dela, ados, baina geure literatura dela, eta geurea izaki, behar bada, honetaz kezkatzen hasi beharko ginatekeela, txikia, ezdeusa eta eskasa izan arren, ez daukagulako besterik. Honekin esan nahi dudana da ezin dela ulertu Orbanak eta Twist eta Atzerri eta Sinplistak bezalako liburuak atera diren urtean haien inguruko eztabaida seriorik ez sortu izana, edo apenas sortu izana (bada salbuespenik noski!), zergatik eta geure inguru literarioa irakurtzen ibili beharrean ezpata zorrozten ematen duelako denbora, ondorio literario zinezkoak eta serioak eskaini gabe, geure unibertso literarioa, ezinbestean, Pino sindromera kondenatuz.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s