Rui Pereiraren ikasgaia

Nire lagun eta idazle portugaldar Rui Pereirak esaten zuen: «Munduko edozein tokitara noala, kazetari bat fidatzekoa ote den jakiteko, Euskal Herriaz galdetzen diot». Zizelkatuta geratu zitzaidan esaldia: euskal gatazka, munduko kazetaritzaren balio ororen neurgailu. Portugaldar batek esanda, edo aitortua. Ez da harritzekoa: hemengoa zen azken txinparta iraultzailea, munduko zerbitzu sekretu guztiak zeuden guri so. Munduko aireportu guztietako poliziek zeukaten zerrenda beltz bat euskal abizenez osatua. XV. mendeko amerikarrak ginen, geure larruzko gonak eta geziak soinean. Euskaldun bat non, polizia bat han.

Testuinguru horretan, euskaldunon kontrako gerra globala puri-purian zegoela, zaila zen, ezinezkoa ez esatearren, euskaldunoi buruz iritzi fundamentuzkoa emango zuen inor aurkitzea. Ez bakarrik Espainian. Seriotasuna han ez da kontu garrantzitsua. Munduan baizik. Eta egin kontu zein zabala den mundua. Hain da zabala, askotariko kazetariek bai baitaukate tokia bertan. Emakumezkoak eta gizonezkoak, gazteak eta jada aguretuak, gorbatadunak eta alternatiboak. Horien artean, ordea, euskaldunon alde jarduteko hautagairik ez. Ez esan gero ez dagoenik adostasuna eskuratzeko moduko gairik humanitatea deritzogun aberri nahasian.

Jordi Evole Espainiako kazetaritzan agertu zenean, laster eskuratu zuen kazetari independiente eta sakatzailearen ospea. Nire lagun Rui Pereiraren hitzak oroitu nituen orduan. Zeren eta bai, egon zitekeen AHTaren kontra, bai, egon zitekeen energiaren oligopolioen kontra, baina Euskal Herriaz galdetu behar zitzaion, zinez nor zen jakiteko. Orduantxe izan zen Otegirekin elkarrizketa. Bere moldeko elkarrizketa izan zen guztiz, gertuegia eta ezegokia errespetuaren ikuspegitik. Biolentziaren kondenaz jardun zuen elkarrizketaren erdia baino gehiago, biolentzia gora eta biolentzia behera. ETArena. Sotana jarri izan bagenio zaila egingo zitzaigun haren eta Torquemadaren arteko aldeaz jabetzea, halakoa zuen nahi zuena entzuteko tema, elkarrizketatuak behin eta berriz galderari izkin egiten zion arren.

Kazetaritzak kontatu ez duen biolentzia mordoa dago geurean. Kuarteletan, hasteko. Kazetaritzak inoiz kontatu beharko duen emakume bortxatuen auzia hor dago. Baina inork ez du hartu nahi. Ez kazetaritzan eta ez legebiltzarrean. Ezta unibertsitateetan eta gobernuz kanpoko erakundeetan ere (Emakunde: non zaudete?). Gai odoltsua, mingarria eta zinez paradigmatikoa da. Hartu ezazu azken 20 urteetan segurtasun indarrek inkomunikatutako edozein emakume, eta dena ulertuko duzu. Dena. Baina Jordi Evolek nahiago du Otegiren aldean pailazoarena egiten ibili, bere ugazaba madrildarrek entzun nahi dutena galdetuz, lurpean dauden kontu horiek azaltzea baino. Zeren eta kontua horixe baita: Espainiako botere faktikoak prest daudela elektriken inguruko kritikak entzuteko, baldin eta gero kazetari errebeldeak euskaldunen kontrako dosi egokia erakusten badu. Peajea du. Munduko beste kazetari guztien modura. Eta ordaindu egiten du. Listo.

Rekarte preso ohiari egin zion elkarrizketa interesgarria izan zela irakurri dut han-hemenka. Interesgarri hitzaren esanahia ahaztu egin zait nonbait. Espainiako kazetaritzak 50 urtetik hona esandako gauza berberak esan ziren elkarrizketa horretan, ia denak ere gezurrak, edo erdi gezurrak. Zentzugabea, funtsgabea, eta historiaren kontrakoa baita ETA 50 urtez politikaz ezer ez zekien jendez elikatu zela. Tira, aurkakoa ere esan izan digute Espainian: denak zirela herriko tabernetan eta ikastoletan gogorki adoktrinatutako gazteak. Oso jende prestatua zela, garai bateko komunistak bezala, denak zirela liburu artean asko eta jendartean batere ibilitakoak. Otso bakarti eta kalkulatzaileak. Oraindik ongi gogoan dut Interviu aldizkariko Los escritores de ETA izeneko kazetaritza lan bikain hura. Han Rekarteren tesiaren kontrakoa defenditzen zen: listoegiak zirela pertsona fidagarri izateko. Eta hura guztia ere egia zen, irudiz. Kontua ez baita egia bilatzea, errealitatearen parodia txoro bat egitea baizik. Kazetaritzaren izenean, hori bai.

Kazetaria ez da bufoia. Bufoia bufoia da, eta kazetaria, kazetari. Lehenaren zeregina da erregea dibertitzea, bigarrenarena da egia bilatzea eta kontatzea. Jordi Evolek Rekarteri behin eta berriz tortura faltsuki salatzeko (ETAren) aginduak aipatu zizkionean, ez zen egia bilatzen ari, erregea dibertitzen ari zen, eta, bide batez, Euskal Herriko tonto asko ere bai.

Baina guk elkarrizketa interesgarria izan zela esaten segituko dugu. Bego.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s