Susmo txarrak

Hirudi honek (nire) nobela amaitzeko zirimolaren erdian hankaz gora eta eldarnioak jota harrapatu nau. Hara, hasi naiz neure buruaz kalakan, berriro ere. Baina ez nituzke barruko arropa zaharrak hona aterako, hau literatura atala ez balitz, zuek ni bezain jonkiak ez bazinete, eta zinez aipatu dizuedan eldarnioa benetakoa ez balitz, zoratzekoa eta obsesiboa.

Zer da, ordea, idazlearen obsesioa? Zenbat du kontzeptu horrek egiatik eta zenbat mitotik? Egia ote etxeko zereginak eta bizitzeko neurri oro ahaztuta idazlea halako sonanbulismo kritikoan amiltzen dela handik ateratzeko indar edo lanabesik gabe? Ez baikara orain idazleari bere idazle gaixotasunaz hitz egitea eta are harrotzea gustatzen zaionik ukatzen hasiko. Utz ditzagun eskuineko politikarientzat apaltasun faltsuok.

Zeintzuk dira obsesio horiek?

Pertsonaia: Berez kartoi-harrizko izateko eta gauza arruntak esan eta egiteko bokazioa daukan kontzeptu abstraktu bat da pertsonaia, inoiz pertsona bat irudikatzera irits daitekeena, baldin eta idazleak liburua (mirariz) ongi amaitzen badu. Egindako esaldiak, topikoak eta komeni ez diren gauzak esan nahiko ditu etengabe eta idazleak orduak eman beharko ditu tema hori saihestearren, gehienetan alferrik. Idazleak, izan ere, bere berezko jendetasunaren eta arrunkeriaren zakutik irten behar du (bere asmakizuna den) pertsonaiak esan eta egin behar dituen gauzak, eta ideia estandarren arrastotik irteten hasi orduko, disparatearen sasietara amilduko da. Baditugu geurean adibide batzuk.

Gutxi batzuetan, ordea, idazle pribilegiaturen batek pertsonaiak bizitza propioa duela sinets dezagun lortuko du, are bizitza interesgarri edo kitzikagarri bat; erokeria bat, azken batean, arrazoiaren ikuspegitik azaltzea ezinezkoa dirudien zerbait: fabrikazio huts batek geure baitan benetako pertsonen tamainako garrantzia izatea, gure baitan akorduak eta sentimenduak utziz!

Nork ez du maite Raskolnikov?

Gatazka: Pertsonaiak gatazkaren bat izan beharko du pertsonai izan nahi badu. Dei diezaiogun arazo, oztopo, larritasun, ezintasun, maitemin, samin edo min. Geure mendeko literaturan minok beti edo ia beti izango dute harremana: 1-Maitasun kontuekin. 2-Narzisismoarekin. (Ez al dira gauza bera?).

Edonola ere, guztiok pairatu ditugun minak dira (eta falta zaiguna), eta aise ulertuko ditugu, liburuaren amaierara iristea lortzen badugu behintzat.

Batzuetan, segun eta idazleak kanonean sartzeko zein gogo duen, gatazka horrek geure gatazkarekin izango du lotura, baina, horietan ere, pertsonaiak ez dira maitasunaren labankadetatik libre geratuko. Gerra maitasuna da, etc.

Pertsonaien mintzaira: Erreala dirudiena eta erreala dena ez dira gauza bera literaturan. Zeren literaturak edertasunarekin idatzita ez dagoen hitzarmena baitauka, eta guk baldar hitz egin arren, gure pertsonaiek, filologoen parera iritsi gabe, modu itxuroso batez jardun beharko dute. Ezinezko oreka dirudi, baina ez dezagun ahaztu obsesioez ari garela, eta, beraz, ezinezkoa posible bilakatzeaz.

Euskal idazlea diglosia batean bizi da (bera ere), eta elkarrizketa batean «me caguen la puta madre que te parió» bezalako esaldien bila jardungo du. Jakina da ezinezkoa dela halakoak euskaraz formulatzea ez bada jatorrizkoari traizio eginez, jatorrizkoa edulkoratuz eta, maiz, alferrik galduz, «alu zikin madarikatua» bezalako esaldi ahulekin.

Horren muturrera joan gabe, elkarrizketak etengabeko desafioa izango dira euskal idazleentzat, erronka desesperagarriak gehienetan, eta idazle azkarrenek bi bide hartuko dituzte asko eta askotan: 1. Esaldi ahalik eta motzenak egitea. 2-Elkarrizketak modu indirektoan erabiltzea, alegia, elkarrizketarik ez erabiltzea.

Bada, bestetik, elkarrizketetan dena jarri behar dela uste duenik:

—Kaixo, zer moduz?

—Ongi, eta zu?

—Ni ere bai.

(Haientzako agur bero bat).

Idazkera (estiloa): Askotan esan izan da idaztea eta kantatzea ez direla aparteko jarduerak. Celinek nire musikatxoa esaten zuen horretaz ari naiz, testuaren morfologiaz alegia. Nola eraikitzen da esaldi bat? Nola eraiki behar litzateke hura perfektua izan dadin? Nola lotzen dira gogoetak, gertakariak eta deskripzioak istorioa transmititzeko tresna izango den testu horretan, edertasunaz, orekaz, ekonomiaz, tentsioaz, misterioaz eta sotiltasunaz ahaztu gabe?

Ez dago metodorik. Badaukazu, edo ez daukazu. Eta horrexek obsesionatzen gaitu: beti oker ari garelako susmo txarrak.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s