Tximua

Duela hainbat hilabetetik hona egiten ari naizen lan baten harira, Jorge Oteizari buruzko dokumental bat ikusten ari naiz. VHS formatuan grabatua dirudien bideo batean, irudi kaxkar baten erdian agertzen da artista, poltergeist baten moduan, interferentziek etenda bezala. Apenas ikusten zaio, baina hura ikustea gutxienekoa da. Entzun egiten baitzaio. Eta ez da kamera aurrean huskeriak esateko eseri, bistakoa denez. Ari da gobernuaren, diputazioaren, politikarien eta alkateen kontra hitz egiten. «Ignoranteak» dira, «salduak» eta «morroiak». Artearen funtzioa, dio, «enbarazu» egitea da, ez da gortea entretenitzea, ezta dekoratzea ere: hatza begian sartzea da. Mundua hankaz gora jartzea. Bestela ez du ezertarako balio. Eta balio ez duenez, hark utzia dauka (artea), eta guztiz dago poesiari emanda, horretarako nahikoa zaizkiolako orria eta lapitza.

Erretxin hitzontziaren tankera dauka, ileak nahasirik, udaletxean harrerako funtzionarioarekin liskarrean dabilen agurea bezala, beheko bizilagunak berandu arte ez diolako lorik egiten uzten. Oinetan txapinak daramatzala imajinatzen dut, ez dakit zergatik. Ez du jantzi dotorerik behar mundua gorrotatzeko. Bukowskiren bertsio oriotarra da, galbaherik, neurririk gabe botatzen ditu sugeak ahotik. Baina ez dago horditurik. Halakoxea da. Badirudi urteak daramatzala gorrotoa sustatzen bere inguruan eta, koska bat estuago jotzen duen bakoitzean, are eta maitasun dosi handiagoa ematen diola gizarteak bueltan. Eta horrek askoz ere gehiago sumintzen duela. Ez du ulertzen nolatan ari den behin eta berriz difamazioaren hazia ereiten, eta nola hazten den hazi madarikatu hartatik maitasun loretxo bat, baten batek ate aurrean uzten diona txera handiz.

Beharbada, diot neure artean, inork ez zuen inoiz Oteiza entzuten. Eta hura laudatzera, hura omentzera etortzen ziren behin eta berriz, gauza jakina den bezala, omenaldia egiten duenak nahi izaten baitu bere burua omendu. Omenaldi bat beti izaten da mediokreren bat salbatzeko aitzakia. Eta artistaren azkeneko urteak joan ziren hala, bere burua omendu nahi zuen eta zinez gorra zegoen jendez inguraturik, artistaren hitz zatar bakoitzeko bizkarreko bat ematen ziona artistari, tximu bati kakahuete aleak botatzen zaizkionean bezala.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s