Uda betiko balitz

Testu hau idazten dudan bitartean, E-k bere istorio zirraragarriak idazteko erabiltzen duen ordenagailuan, justu nire parean, gure alaba dago, Justin Bieberren kantu bat entzuten. Ez dakit zein unetan ikasten duten haurrek youtube madarikatu hori zer den, baina ia pixoihala kendu baino lehen izaten da. 40 printzipaletako zerrendak maiztu zale diren artistek, gainera, abilezia berezi bat daukate haurrekin konektatzeko, adibidez honek, Justin Bieber delakoak, eta ez gero niri esan marketin kontu hutsa denik, bada hor je ne sais pas quoi bat ongi definitzen asmatzen ez duguna, erakargarri egiten zaiena. Akaso da gaztetasun eder hori, edo erritmo alai itsaskor horiek, edo ongi osatutako melodia harrigarriki efektibo horiek… Baina hor dago neskatila, ezin ukatu nezakeen alaitasun batez gozatzen.

Uda betiko balitz izena jarri diot nire tarte edo dena delako honi. Xabier Mendigurenen izen bereko nobelan oinarritu naiz hura hautatzean, izenburuak iragartzen duen premisa oso interesgarria iruditzen zaidalako. Zer litzateke udaz, uda betiko balitz? Izan al liteke plazera mugarik gabea? Iraun al dezake beti? Eta, beti iraunez gero, plazer izango al da?

Honi buruzko gogoeta egin zuen Milan Kunderak maitasun eternalaren paradoxa mahai gainean jarri zuenean, zioena, hain zuzen, maitasunaren izateko arrazoiaren baitan zegoela galeraren ideia, bai maitasunarena, eta bai bizitzarena. Alegia, jartzen dugula maitasunean pasio bat askotan neurri gabea badakigulako ezerk ez duela betiko iraungo. Premia, edo, areago, antsia horrek elikatzen dituela geure maitasun hitz eta keinu oro, eta 1.000 urte biziko bagina maitasunak zentzua guztiz galduko lukeela.

Amaitu da Justin Bieberren kantua, eta alaba jaiki da eta joan da ez dakit nora. Orain bakean nago, eta kasik faltan hartzen dut Love yourself kantuaren melodia, zeina, aitor dezadan bide batez, dagoeneko asko gustatzen zaidan. Zutitu eta ordenagailuan begiratu dut: 4’33” irauten du. Ez al da iraupen perfektua?

Hortxe dabil alaba orain, entzuten dut, youtuberi esker disfrutatutako estimuluaren ondoren, etxean barna plazer berrien bila. Bai, uda betiko balitz, neguko ekaitzak hartuko genituzkeen faltan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s