‘Um fingidor’

Corrugados enpresaren inguruko zaratak hunkitu nau. Azal gogorra behar da hurkoaren malkoen aurrean ez samurtzeko. Eta, batzuetan, ez da kausa bera, baizik eta kausaren oihartzuna, geu asaldatzen gaituena, estatistiken hoztasunaz haragoko malkoek. «Politikariak elkarri harrika, inork ez du gugatik ezer egiten», dio langileak ahots hari batez. Eta oker dabil, politikariek asko egin baitute: bizi garen mundu hau hondoratu, hain zuzen. Corrugadoseko hiru ehun langiletik gora kale gorrian geratuko da aurki, baten batek saihesten ez badu, eta ez dirudi halakorik gertatuko denik. Denbora kontua da, gu guztiok zulo beltzera joatea.

Pittin bat friboloa begitantzen zait lirikaz edo aditzaz jardutea, mundua puskatan geure buruetan amiltzen ari den honetan. Desjabetu duten etxearen sarraila mailuka hautsi nahi ez duen suhiltzaile intsumisioaren antzera sentitzen naiz, literaturaren baitako kontu hutsalez jarduteko indarge, zilegitasunik gabe. Eta, ezinbestean, Sarrionandiaren olerkia datorkit gogora: «Angel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia detenitu biluziaren uzkira sartu eta mirila zikindua, odoldua, patetikoa ateratzen duenean, zer axola zaio mutil torturatuari poeta um fingidor den?».

Idazlea kaletik doa, demagun lagun batekin garagardo bat edatera, eta aldameneko mahaiko elkarrizketak zelatatzen ditu bere nobelako pertsonaien zurruntasuna gainditzen lagunduko dion ideiaren bila. Literaturaren akatsa baita zenbateraino izan ohi duen bizitza errealarekiko antzekotasun gutxi. Bere buruari galdetzen dio: zoriontsu izan behar al nuke ahora eramateko ogia eta idazteko ofizio hau dauzkadalako? Eta ezin dio galderari erruduntasun amiñi bat sentitu gabe erantzun, erruduntasuna oso kristaua eta, era berean, oso ezkerrekoa baita. Oso artistona. Ez, ez da itxurosoa buruan poeta um fingidor den ibiltzea, non eta poliziak geure etorkizuna lapurtzen dihardutenen defentsan ari direnean kaleak patruilatzen. Eta jendea, oraindik, kartzeletan sartzen.

Geure egunkari, blog eta abarretako orriak arakatzen ditut antsiaz, premiaz, eta ez dut nire lagun idazleen arrastorik inon topatzen: non daude? Zer diote? Konturatu al dira gure agintariek beren biloben etorkizuna diru zakutan eraman dutela euren begien aurrean eta haiek ez dutela artikulu miseriazko bakarra idatzi horri buruz? Bizi al dira nire lagun idazleak mundua odolusten ari den honetan?

Munduari bizkar emanda bere karrera pertsonalaren morroi bizi den lehen idazle belaunaldia izateko ohore dudazkoa daukagu. Badakigu zertaz kezkatu eta zertaz ahaztu behar garen geure izena (ez geure obra) Literaturaren Erakundeek aintzat hartu dezaten. Gure zentsore berriek (behinolakoen ondorengoek) ez dute publikoki zein jarrera mantendu behar dugun esan behar izan. Hau ez da diktadura bat, aizu. Baina denok dakigu zer esan behar dugun, eta zer ez. Eta, kasu honetan, bereziki geure gaiaz ari naiz, Euskal Arazo deitzen duten baina finean Kolonizazioaren Arazoa den horretaz. «Ez genuen gerra bizi izan», esango dute idazleek beren burua zuritzearren, baina seguru nago Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren zain dauden preso gatibuak ez direla iritzi berekoak, eta beren amak ere ez.

Irakurleak faltan hartzen ditugu, bere objektu maitatuaren zain bizi den maitale narzisistaren antzera. Non daude? Galdetzen dugu. Obra txukun bat idazten ari gara, kalitatezkoa, sintaxi ederrekoa oso, baina gizartea gutaz ahaztu da. Oker gabiltza, ordea: geu ahaztu ginen haietaz, eta erein genuena jasotzen ari gara orain.

Galdera da: bizi al daiteke geure literatura gizarteari bizkar emanda? Hori da geure literaturak bere buruari galdetu behar liokeena, bere hatz salatzailea joandako irakurleen bizkarrari begira jarri aurretik. Irakurleak ez baitziren beren borondatez joan, baizik eta guk uxatu genituelako.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s