Ura

Hendaiatik Igantzi herriko piszinara egiten dugu ihes sarritan, Hendaiako jende uholdeek uxaturik. Badu sarkasmo puntu bat, udako promesan Hendaiako negu mamutiarra pairatu eta, uda ailegatzean, ihes egin behar honek. Baina hala da.

Bagoaz beraz Igantziko putzura, putzu izoztu eta bakartira, han, mendien artean, larre berdeen erdian, etxe zuri kaskarinen alboan, eulien konpainia beti gozagarrian.

Badute igerilekuek murgiltzen zarenean zeure baitara biltzen laguntzeko gaitasun berezi bat, itsasoko arriskuez libre, murgiltze horretan kontzentraturik egon zaitezkeelako, itsasoko pizti edo marrazoen kezkarik gabe. Itsasoa nahasmena da. Bizitzaren nahasmena. Arrain batzuk beste arrainen atzetik, bata bestea jateko, edo bata bestea ernaltzeko. Espeziearen biziraupenerako lehia basati samar horretan. Bere urrian, oso anitza da geure itsasoko fauna. Itsas-lehoirik ez dago, bale, baina haien ordez bati kausituko duzu korkoiren bat, eta pasako zaizu aldamenetik auskalo zertarako, korkoi bat ote zaren egiaztatzeko agian. Eta zu han zaude, itsasoari buruzko kondairak entzun eta gero, eta, zer nahi duzu: ez zaude lasai.

Okerrena da aurrera so egitea, hara non infinitu urdin gero eta ilunagoa ikusten den, itsasoaren tamainaren berri nolabaitekoa emanez. Hegazkinean igotzean bezala, estatistikak errepikatzen dituzu zeure buruan: zenbat gizabanako hil ote dute marrazo zuriek Kantabriar itsasoan?: zero. Ados. Baina artega zaude.

Igerilekuak, beraz, badu patxadarako aukera hori, han murgildu eta likidotasun osoa zeure azalean sentitzeko aukera ematen dizuna. Han dago gelditasun bat, eta masa likido hotz horren nolabaiteko kontzientzia, harekin bat egiteko desira ezkutu bat, azalaren memoria amniotikoa piztuko balitz bezala.

Baina han zaudenean, begiak zabaldu eta zure inguruan dauden baldosa karratuegi horiek ikusten dituzunean, muga artifizial horien presentziak, esaten dizu, nolabait, nahiko zenukeela hura sentitzeko beste marko bat, esate baterako, itsasoa bezalako toki bat, basatia eta primitiboa, jatorrizkoa, han non ez dagoen hormarik, han non bizitza bat dagoen, bere izaki eta arrisku guztiekin, bere plazer beldurgarri eta guzti.

Beti nahi dugula ez daukaguna, alajaina.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s