Sabinoren bilobari gutuna

captura-de-pantalla-2016-11-12-a-las-16-42-46

Francoren bilobari gutuna antzezlana ikusi nuen atzo. Zaila egiten zait antzerkiaren teknikaren ikuspegitik hitz egitea, eta iruditzen zait sobera erraz egiten ditugula komentarioak, “aktoreak ongi” daudela, “eszenografia bikaina” dela, eta zer dakit nik. Kriterioa bagenu bezala, zinez nor bagina bezala horretan dihardutenen lana zalantzan jartzeko. Baina ez nadin desbideratu. Antzezlana adjektibo orotarik apartekoa iruditu zitzaidan, ez nuelako horrenbeste buruarekin ikusi, ez bada bihotzarekin. Irekita. Sentitzeko gogoz eta horretarako prest. Eta sentitu nituen gauza batzuk, eraman ninduten malkoetarara eta eraman ninduten barrera, eta ez dakit antzezlan bati buruz ezer hobea esateko modurik ba ote dagoen. Estimulo izugarriak sentitu nituen, tristura, grina, indarra, amorrua… txotxongilo bat sentitu nintzen haien taularatzearen bidez nire herriaren historian barna egindako bidaia poetiko xarmangarrian, eta eskuzabaltasun hura guztia ahal izan nuen xumetasun handienaz jaso zuen.
Herri baten mina da mintzo dena, eta, zentzu horretan, garai ezberdinak lotutako zauri zornez betearen oihu modukoa da, baduena politikotik, eta baduena terapeutikotik ere. Tirania bere mozorroaz datorrenean gu bidegabeki erasotzera, ezinbestean, min hori gordetzen dugu, eta badoa belaunaldiz belaunaldi, bere zauritasun eternoa kutsatuz. Logikoa da. Baina geurean behin eta berriz aldarrikatu behar den logika da, tiraniak hor dirauelako oraino, mozorro ezberdinaz, baina betiko gogorkeriaz, erasokor, gupidagabe. Eta tiraniaren ezaugarria da, sufriarazi ondoren, sufrikarioaren lutoa eta, beraz, sendabidea bera ukatzea. Zaurira gatza botatzen ibiltzea, biktima ez dadin sendatu, biktima oinpean eternalki izateko. Zu, zure seme-alabak, zure bilobak: memoria. Herria.
Gerora jakin dut, obra DSS2016 ekitaldiaren barruan sartu nahi izan zutela obraren egileek, DSS2016 memoriaz, errekontziliazioaz, eta elkarbizitzaz ziharduela baliatuta. Obra, horretaz ari delako hain zuzen. DSS2016ko arduradunek, ordea, eskaintza alboratu zuten, eta (hori ez dakit, baina), seguruen, aitzaki teknikoak jarriko zituzten, epetik kanpo entregatu izana, besteren bat “hobea” aurkeztu izana, eta abar. Beti dago teknikoren bat, politikari tirano baten erabakiak zuritzeko.
Obrari egin dioten kaltea, egiaz, bost axola. Seguruen, obrari mesede ere egingo zioten, DSS206 ekimenak hasieratik izan baitu burokraziaren faltsutasunaren eta itxurakeriaren lurrina, eta hasiera horretatik etorri da, nolabait esan, susmopean. Kontua da ez ekimenaren balantzea egitea, baina uste dut itzalak argiak baino askoz ere ugariagoak izan direla, eta ez naiz orain zerrendak egiten hasiko. Beraz, eta antzerki lanaren profesionaltasuna, eta Artedramaren, Deja vuren eta Le petit theatre du pain konpainien ibilbidea eta inpakto soziala ezagututa, ezin dugu esan antzezlanaren bidea DSS2016tik kanpo geratu izanagartik amaituko denik, ezta gutxiago ere.
Ordea, askoz ere kezkagarriagoa egiten zait DSS2016ren erabakiaren atzean dagoen ustelkeria eta jarrera politikoa. Eze, herri honetan gertatutakoaren irakurketa interesatu bat egiteko intentzio garbia dago botere faktikoen eta haien morroi lanetan ibili direnen aldetik, baina artearen munduan oso bestelako taupadak nabari dira, politikari baten manikerismoa eta manipulazioa, artean, artea ona bada, ez daukalako tokirik. Politikariaren logika leloak errepikatzea da, ikuslea tontotzat hartzea, galderak ebitatzea, eta diskurtso baten nagusitasunaren alde edozer egitea. Eta edozer, edozer da. Horretarako aurkakoa esaten duena kartzelan sartzea barne. Jarrera hori, ordea, artearekin ezin da ezkondu. Eta hauxe izan da, hain zuzen DSS2016ren oztoporik eta gatazka iturririk handiena: nola eraman aurrera ekimen artistiko bat, artearen ikuspegitik ezinezkoa den diskurtso politiko bat defendatuz? Ezin da.
Kontua da, ezinezkotasun horrekin topo egiten duzunean, nolabaiteko erantzuna eman behar duzula. Beraz, halako batean, obra bati, “ez” esan behar diozu, eskaintza antzerkigintzaren ikuspegitik inpekableea eta guztiz arrakastatsua den konpainia batena izan arren. Zeren eta, oso kontuan hartu behar da, Artedrama, Deja vu eta Le petit theatre du pain direla, gaur gaurkoz, geure antzerki munduan dauden konpainiarik fidagarrienak, eta antzerkiaren mundua hankaz gora jarri dutenak azken urteotan. Nik uste honekin (ia) denok ados egongo garela. Nola esaten diozu, bada, halako ekimen bati, ezetz? Bada, arrazoi aristikoen gainetik, arrazoi partidistak daudelako, azken batean, DSS2016ren atzean. Pena da, baina hala da.
Euskal Herrian arazoa ETAren izena hartu duen bururik gabeko pertsona hiltzaile kuadrila baten biolentzia izan dela esatea, politikaren ikuspegitik, esan, esan liteke. Politikariek behin eta berriz egiten dute. Politika ez delako debatea, politika da indarraren logika, eta zuk indarra badaukazu, zuk esaten duzuna nagusituko da. Punto. Baina sinpletasun faltsu eta guztiz akritiko hori, pentsamenduaren eta artearen ikuspegitik, guztiz defendagaitzak dira, nahikoa baita kosmetiko horren azalaren gainean azkazalaz azka pixka bat egitea, errealitatea bere konplexutasun egiazkoan ager dadin.
EAJk arazo handia dauka honekin, zeren eta, alde batetik, oso modu garbian azaltzen dute euren manikeismo totalitarioa, baina, beste alde batetik, alderdi zentral gisa agertu nahi dute, eta nahi izaten dute han eta hemen ekimenetan parte-hartu, argazkietan, eta, oro har, gizarte ospkizunetan ere, nahiz eta, esan bezala, artearen diskurtsoarekin guztiz kontraesanean dagoen diskurtsoa mantendu. Baina zinez harrigarria dena da zentsura logika batean sartzea, norekin eta, une honetan, antzerki munduaren gailurrean dagoen jende batekin, non eta, “elkarbizitzaren aldeko” ekimen batean, hots, DSS2016n. Niretzat, guztiz esanguratsua da. Euren boterearen handitasuna erakusten du.
Ez da kasualitetea (edo agian bai) biharamunean, egunkaria zabaldu eta Urkullu irakurtzea, Otegiri errieta eginez, hark hemen biolentzia poliziak ere egin duela esan duelako. Begira zein ulergarria den dena: zu Espainiar tiraniaren mesedetan jartzen zara lanean, haren aterkipean biolentzia politikoa praktikatzen duzu, gailendu egiten zara, eta gertatutakoa kontatzeko tenorean, biolentzia besteak baizik ez duela erabili inposatu nahi duzu.
DSS2016 ekimena, zaratarik gabe amaitzea lortu dute, ekimenaren barruan zentsura egin behar izan duten arren. Ez die inork azalpenik eskatuko. Ezta, behar bada, Sortuk ere. Elkarbizitza deitzen duten hori, hitz klabea dena eztabaida politikoan, ez dauka harreman txikiena hitz haren zinezko esanahiarekin. Elkarbitza esaten duenean, EAJk esan nahi du: irabazi dugu, zuei tokatzen zaizue geure diskurtsoa asimilatzea, eta, hala eginez gero, tokitxo bat izango duzue… oposizioan. Ez daukate asmorik txikiena ere egiaren bila pauso erdi bat emateko.
Francoren bilobari gutuna obrak oso ongi lotzen ditu garaiak eta gaiak, denak jotzen ditu zauri beraren zornetzat. Eta ez zaie arrazoirik falta. Dena dago lotuta. Eta ondo lotuta. Arazoa da orain ez direla Francoren ondorengoak dena lotzera datozenak, geure anai-arrebak baizik. Hasi beharko dugu haien bilobei gutunak idazten: euskaraz behintzat badakite.

Advertisements

One thought on “Sabinoren bilobari gutuna

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s