Irudi tonto bat

Captura de pantalla 2017-02-02 a las 12.15.02.png

Sare sozialetan, @perutzio izenez ezaguna den txiolari batek argitaratu zuen, Asensio ingurumen diputatuaren argazkia lau zatitan erakusten duen irudia, eta neronek irudia bertxiotu nuen, hura urteko txiorik onena zela esanez. Ez nuen esan nahi orain arteko txiorik onena, esan nahi nuen, argi eta garbi, aurten ez zela txio hobeagorik argitaratuko, eta oso garbi daukat ez dela izango. Irudi tontoa dirudi @perutzio-rena, baina ezin irudi adierazgarriagoa da, erakusten duelako zer den gaur egun, 78ko konstituzioaz geroztik 39 urte pasa diren honetan, geure klase politikoa.

Irudiak, Asensio erakusten du, lehen esan dudan bezala, errauskailua izango omen den obren esleipenarako dokumentoa sinatzen. Bitxia da, hasteko, nola bilakatu den, ingurumen diputatua, errauskailuaren aldeko lobbyaren aurkpegi nagusi. Ze, izatekotan, izan zitekeen industria diputatua, errauskailuak zerbaitekin lotura badauka, hain zuzen eraikuntzarekin delako. Baina ez, garaion erakusgarri gisa, ingurumen diputatua da, hain zuzen ingurumena milaka porlan tonen azpian ezkutatu (zapaldu) nahi duen ekimenaren aurpegia. Nolabait esan, eta konparazioak gorrotagarriak diren arren, komisaldegi bati Mahatma Gandhi zentroa esatea bezala da. Baina beno, ez dezadan ideiarik eman, dena baitago, zinismoaren karrera honetan, asmatzeke. Izan ere, eta txosten zientifiko guzti-guztiek diotenez, errauskailua, (ez hau, baizik eta errausketaren ideia bera, errausketaren printzipio infamea bera), krimen planetario bat besterik ez da, ingurumena dinamitatzea.

Erakusten du (irudiak), baita ere, irribarre bat. Esango duzue: eta zer? Zer da ba, irribarre bat, humanoongan guztiz komuna den poz adierazpen bat ez bada? Bo, argazkigintzan jarduteak eman didan esperientziatik esan diezazueket, ez dela, berez, ahoa poza adieratzen duena, baizik eta aurpegia bere osotasunean, aurpegiko gihar guztiak, eta, zehazkiago, begirada. Argazki sesio orotan esaten dudan gauza bat da, ez dagoela fortzatua den barrea baina gauza faltsu eta inkietanteagorik. Barre egiten dugunean, aurpegiarekin egiten dugu imintzio, gorputzak behartzen gaituelako horretara. Barrea erreakzio bat da, ez da nahita egiten den zerbait; zintz egitea edo aharrausi egitea bezala, atera egiten da; ordea, barrea imitatzen dugunean, ez dugu aurpegiaren osotasuna erabiltzen, nahiz eta hura antzezten badiren aktore onak (eta oso kaxkarrak), eta ahoarekin keinua egin arren, aurpegiaren gainerako guztia hilda uzten dugu, geldirik, bere berezko seriotasunean, ahoaren keinuari entzungor, eta orduan barre faltua ateratzen zaigu, oso karnetekoa: “¡Sonríe al pajaritooooo!”. Ba horixe.

Egia ez den zerbait adierazi nahi duenak egiten du barre gogorik gabe, ezkutuan dabilenak, munduari bere egoera ezkutatu nahi dionak. Askotan, hipokrisia arrunta da, aizu, besterik gabe, kamera aurrean jartzen gara eta petardo agertu nahi ez izanagatik, ba, eskuzabaltasunez, barre egiten dugu, inork ez dezan pentsa amargaturik gaudenik. Argazkilari bezala, oso kontrakoa naiz ni, askoz ere interesgarriagoa delako jendea den bezala, edo, hobe, dagoen bezala ager dadin. Eta, normalean, serio gaude. Bizitzak nahikoa pisua dauka, arazo nahikotxo daukagu: ez daukagu etengabe barrez aritzeko, ez gogorik, ez nezesidaderik. Politikarien kasuan, barreak oso bestelako konponenteak ditu, politikaria delako etengabe esaten duenaren kontra jarduten duen tipo bat, eta kasu honetan, noski, ez naiz errauskailuaren kontra aritu ziren politikariez ari, argi eta garbi esanda ezker abertzaleko politikariez, zeinek, jakina baita, eraso gupidagabea jaso behar izan zuten esaten zuten horixe bera egiteagatik.

Asensioren kasua, bestetik, partikularra da, beste politikari askok ez bezala, hark film kaskarretako pertsonaia estereotipatuen irribarre faltsua daukalako, esajeratuki faltsua, ikuslerik inuzenteenak ere sinetsiko ez lukeena. Hitz batean esateko: barre faltsua adieratzen duen barre faltsu bat da, tautologia baimentzen badidazue. Barrea kontrakzio bat da, bekainek beherantz egiten dute , begiak isten ditugu, eta ahoa irekitzen dugu, baina bakarrik goiko ezpaina, eta, beraz, goiko hortzak dira ageri direnak. Amateur baten irribarre faltsua, beraz, izan ohi da, begiak isten ez dituena, eta hortz guztiak erakusten dituena, dentistarenean balego bezala. Egidazue kaso: azpiko hortzak ageri direnean: malo.

Bitxiena da guztiok dakigula, jakintza emozional eta gestual berezkoa dauzkagulako, nola antzezten den barre faltsu bat. Nire 9 urte seme-alabek badakite egiten, egiten dute. Txantxetan egiten dugu askotan. Eta, beraz, argazkirako nahita barre egitean, barre antzeztu hori hobetzen saiatzen gara. Ez da, ordea, Asensioren kausa. Hain da baldarra, hain dago bere emozioetartik at, ez dela ohartzen sinadura hori ez dela jolas bat, ez dela txantxa bat, ondorio larriak dauzkan sinadura bat baizik.

Horixe da, hain zuzen, @pertutziok abilidade handiz ikusi zuena, aurrekaririk gabeko irribarre antzeztua, zizikoa, beste irribarre logratuagoen ordezkari zinezko gisa. Asensiok, irribarre horrekin, Tio Gilitoren poz inanimatu eta mortuarekin, errauskailuaren asmo guztiz burakratikoak erakusten ditu, pertsonen ongizatearen eta osasunarekin inolako harremanik ez daukana; ez kontra dagoelako, ojo (nahiagoko luke halako pelotazo bat ingurugirioa erasotu gabe egin, nola ez!), baina, erasotzekotan, ezinbestekoa da, nolabait, emozioak kajafuertean gordetzea, besteak existituko ez balira jokatzea, pentsatzea: gehiegi daukat irabazteko, ez nadin sensiblekerian galdu, ez dezadan sentitu, izan nadin errauskailua izango den hormigoi gotorra bezalakoa, eta, kamerak agertzean, ahalegindu nadin justu kontrakoa erakusten. Eta aurrera. Gero etorriko dira angulak, ahalegin emozional mastodontiko hau ahanzten laguntzeko.

Erlea dela eta

Captura de pantalla 2017-01-09 a las 13.42.47.png
Azken ERLEAk antzerkia dauka ardatz nagusitzat, eta aurkezpenean Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleak izan zituzten, Inun kantariarekin batera.

Gustura irakurri dut Gorka Erostarbek Berrian Erlearen azken zenbakia dela eta Bernardo Atxagari egin dion elkarrizketa. Atera zenetik produktu arriskutsua iruditu zait Erlea, haren fintasuna oso-oso estimutan hartzen dudan arren. Nolabait esan, eta oximorona badirudi ere, finegia iruditu izan zait beti, edo jasoegia, edo biak, beti ere haren oihartzun sozialaren ikuspegitik. Zeren eta, azken batean, beti gabiltza dilema berean: zeinentzako egiten ditugu gauzak, lau katu sibaritentzat, edo ahalik eta inpaktu handiena bilatuz. Erantzunak erraza ematen du, baina oso zaila da, zinez, aho sabai fineko jendea, geurean, oso urria baita. Duela bi urte, EIEk ateratzen duen HEGATS aldizkariaren diseinu (eta kontzeptu) berria sortzeko lana eskatu zidatenean, oso present izan nuen hau guztia, eta saiatu nintzen aldizkariari ematen zera “komertzial” bat, eta horretarako oso gauza sinplea egin nuen: kioskoetan zeuden aldizkariei bistazio bat bota, eta haien kutsuko zerbait sortu. Kleptomania ariketa sinple bat, David Forter Wallacen estiloan. Kiosko hitza niretzat klabea da, kioskoa delako aldizkariak saltzen diren tokia, eta, beraz, jendeak gustuko dituen aldizkarien gordailua. Beraz, hango aldizkariak pista ona emango zidaten segurantza neukan. Grafikoki gaur egungo aldizkari bat nolakoa den azaltzea nahiko konplexua da, baina esan dezagun garrantzitsua dela espazio diafanoak sortzea, argazkietako jendea jarrera hieratikoan agertzea, duintasun eta harrotasun puntu batekin, serio, eta, azken batean, bere buruaz seguru. Ez da inon idatzita dagoen lege bat, baina ia beti errepikatzen da. Horrez gain, plano zabalak, zentroan enkoadratutako pertsonak, RAW formatuaren erabilera ia inpudikoa, eta beste hainbat zera: denak kontuan hartu beharrekoak.

Captura de pantalla 2017-01-09 a las 14.37.11.png
Lehen HEGATS berrirako ITU bandako kide Peru Iparragirre hautatu genuen, aldizkariaren gaztetasuna eta XXI. mendeko bisioa azpimarratzeko.

Argazkiez hitz egin dut, eta konturatuko zarete, kioskoren batean bueltatxo bat eginez gero, argazkia aise galentzen zaiola ilustrazioari, eta, ERLEAn, esaterako, ilustrazioa asko erabiltzen da (bataz bestekoa baino dezentez gehiago). Tipografia ere ikaragarri zaintzen da, eta esan daiteke ia aldizkarien nortasunaren gakoetako bat dela, nortasun faltarena batzuetan, zein letra, nola, zein tamainan jarri, etc. HEGATSen diseinatzaileak, Savanna Studioko Carlos Ndungmandumek, tipografia bakarra erabiltzea erabaki zuen (nahiz eta gero nik beste bat sartzeko konbentzitu nuen, aldizkaria errepikakorra izango zen beldurrez), eta azkenean bi erabili genituen.

Ez nago batere seguru zein izan zen aldizkariaren inpaktua, ez daukat daturik, baina esango nuke, ERLEAk bezala, HEGATSek harrera epela izan zuela, geure literaturan bigarren mailako produktuek izaten dutenaren parekoa. Lehen zenbakia zenez, komunikazio oso eskasa izan zuen, promozio inexistentea, eta banaketa desastrosoa, baina ez dakit horiek faktore erabakigarriak diren, eta faktore horiek konponduz gero aldizkariaren harrera zinez hobetuko litzatekeen. Edonola ere, eta ERLEAren gaira itzuliz, esango nuke ERLEAri falta zaiola konponente komertzial bat, hau da, merkatuaren legeak (beste aldizkari ia guztiek kontuan hartzen dituztenak -euskarazkoek salbu-) onartzea, eta horien araberako produktu bat kaleratzea, esan gabe doa, eduki literarioei muzin egin gabe.

captura-de-pantalla-2017-01-09-a-las-13-45-08
ERLEA 10-en azala, beti bezain elegante, koloretsu eta fin.

Erlearen liburu formatua ere egokiena ote den, duda handiak ditut. Ez da niri gehien gustatzen zaidana, baina egia da kioskoan badirela halako beste batzuk, esaterako JOT DOWN, harrera bikaina (uste dut) daukana. Gutxiengoa da, ordea, eta horrek zer edo zer esan nahi du. Niri aldizkariak azkar irakurtzeko gustatzen zaizkit, ez lauzpabost eserialdietan irakurtzeko. Nire gustua da, ojo, baina hala da. Lauzpabost (edo dozena bat) egunetan irakurtzeko, nahiago dut liburu bat bere zentzu tradizionalean, narrazio liburu bat, poesia, saiakera edo nobela. Nork bere irakurtzeko ohiturak ditu, baina nik aldizkariak irakurtzen ditut tarte txikietan, dela gosaritan, adibidez, kafetxoarekin batera, edo dela autobusaren zain. Edukiak azkar nahi ditut deskodifikatu, eta nahi dut testu bat dinamikoa, ez didana ahalegin berezikirik eskatuko. Horiek nire gustuak dira, eta iruditzen zait printzipioz neuk ERLEA bezalako aldizkari bat neke handirik gabe irakurri beharko nukeela. Irakurtzeko ohitura gutxiago daukan jendearentzat, baina kapaza dena hartzeko aldizkariren bat eta bistazo bat botatzeko, nik uste ERLEA jaso xamarra dela. Ez nago seguru, ez dut inkestarik egin. Kabalak baino ez dira, intuizioak.

Neure buruari askotan esan diodan gauza bat da, euskarazko aldizkari literarioen ibilbide historiko errari samarra ezagututa, ez ote litzatekeen egokiago (biziraupenaren ikuspegitik ari naiz), literarioa baino, literaturari buruzkoa egitea, hots, LIRE edo QUÉ LEER aldizkarien tankerako zerbait, periodiskoa, sokuntzarako tarte murritzagoarekin eta testu planoagoekin. Idazle batek hau esatea kontraesankorra eman dezake, baina ezin zaio errealitateari bizkar eman.

lire_0422
LIRE aldizkariak beti hautatzen ditu argazkiak bere azalerako, eta ia beti idazle oso-oso ospetsuak. Beti aurkitzen dute aitzakiaren bat ahalik eta erakargarrien egiteko azala.

Euskarazko literatura ezagututa, gainera, eta estatistika ariketa sinple bat eginez, zaila da aldizkari literario bat eduki on-onez hornitzea, noiz eta geure liburuek (idazleok zinez mimatzen ditugun horiek) interesaren ikuspegitik herren nabariak izaten dituztenean. Labur esango dut: aldizkari bat hornitzeko zenbakiro behar dituzu oso ongi idazten duten dozena bat idazle, nahiko dutenak aldizkarian idatzi, izango dutenak denbora, eta jarriko dutenak enpeinua testuak izan dezan aldizkari baterako (oso garrantzitsua da hori) behar duen arintasuna eta potentzia. Eta geure literaturak, akaso, muskulua falta du horretarako, eta falta ditu medioak eta sosegua. Zeren eta tamainak, geure tamaina txikiak, eragin ikaragarria baitauka gauza horietan. Dena da presazkoa, dena da amateurra, dena da erdi fabore edo presentzia mediatikoa izateko, eta, azkenean, dena da pittin bat traketsa. ERLEAri onartu behar zaio, hala ere, geure literatura baina askoz ere profesionagagoa dela, sakonagoa, jasoagoa eta zainduagoa (Atxagak berak egiten duelako koordinazioa), baina, paradoxikoki, horrek bere aurka jokatu dezake, batez ere opinadoreek (azken batean produktu bati inpaktua eman diezaioketenek) literatura irakurtzen bainoago sare-sozialetan denbora gehiago ematen duten honetan.

Captura de pantalla 2017-01-09 a las 14.43.20.png
New Yorker aldizkaria da literatura aldizkarietan aldizkari erregina, klasikoa, testu bikainez betea, historikoa. HEGATS zaharra aldizkari hau kopiatuz egin zuen EIEk: denborak AEBetako merkatua eta Euskal Herrikoa zein ezberdin diren erakutsi du.

Askotan esaten da geure literaturari irakurleak falta zaizkiola, eta egia da, baina erdizka bakarrik. Idazle gazte oso-oso gutxi atera da azken aldian (Kepa Matxainek artikulu interesgarria idatzi zuen honetaz), eta idazle beteranoak pittin bat itzalita dabiltza, azken urteotako ekaitza digitalak lausotuta. Asko aldatu da idazlea sozializatzeko (komunikatzeako) modua, haren testuen berri emateko manera, eta idazleek, molde berri horietan guztiz galduta daude (eta argitaletxeak ere bai, agian). Gai aldetik ere, alegia, kontzeptualki, gaurko gizartea hipereszitazio batean dago, perbertsio orotarikoen inguruko telesailak eta bestelakoak irensten, bulimikoki, etengabeko probokazioan, eta geure literaturak lurrin anakroniko bat hartu du oso azkar. Moralaren langak txikitzeko joera tiranikoa dago gaurko fikzioaren magma zabal horretan, dena da narkotrafiko, odol, hilketa, nekrofilia, pedofilia, sentsualtasun, familia apurtu, estatu kolpe, eta, finean, gordintasuna, eta literatura, geurea behinik behin, ez da horretan sartu, eta, beraz, kanpo geratu da, at, ostrazismoan (ojo, bada salbuespenik!).

Captura de pantalla 2017-01-09 a las 14.46.14.png
Hau da HEGATS aldizkariaren 2 zenbakia; ez zait niri egokitu hau zuzentzea. Azala Zaloa Fuertesek egin du, tumatxa da.

Ez dakit, hauek guztiak inpresioak dira, inguruko jendearengandik iristen zaizkidan iritziak (edozein koadrilan geure literatura aipatzea estrabagantzia bat da), eta ahal dudan zintzotasun handienarekin esaten ditut. Uste dut erraz jotzen dugula hurkoa kritikatzera, dela Jaurlaritza, edo dela geure gazteen joera nihilista, eta gutxitan galdetzen diogula geure buruari ea bere garaiko gizarteari pultsua hartzen jakin ote dugun, eta nik ezetz uste dut, ez garela asmatzen ari.

Erlea, noski, deskonpas horren biktima da, aldizkaria idazleek hornitzen dugun neurri esaktoan. Idazleok pilak jarriko bagenitu, hasiko bagina benetan XXI. garren mendeko literatura egiten eta ez filologoentzako literatura desitxuratu hau (egiten ari garena), egingo bagenu jauzi bat orainaldi gordin eta zoro honetara, pudikotasunaz eta izu neurotikoz betetako XX. mendea abandonatuta, akaso ez genukeen lortuko geure produktuen erabateko arrakasta, baina gertuago geundeke seguruen.

 

Pertsonaiaren eraikuntza literaturan

captura-de-pantalla-2017-01-06-a-las-10-31-28
Patricia Highsmith. Ez da idazleek usu aipatzen duten idazlea, baina literaturaren pertsonaia interesgarrienetako bat sortu zuen: Tom Ripley.

Zergatik maite ditugu Rayuelako Maga eta Horacio Oliveira, Garcia Marquezen Aureliano Buendia koronela, Patricia Highsmithen Rypley misteriotsua, John Fanteren Arturo Bandini galtzailea, Holden Cooulfield gazte atormentatua, Raskolnikov hiltzaile malapartatua eta, oro har, irakurri genituenez geroztik gugan betikoturik, bizirik dauden pertsonaia literario horiek guztiak? Nola egin zuten Salingerrek, Truman Capotek, Paula Foxek eta literaturaren maisu-maistra handiek pertsonaia horiek hezur-mamitzeko, hain sinesgarri eta apasionagarri egiteko?

julio-cortazar-600x891
XX. mendeko nobela handienetakoa (inoizko nobela handienetakoa) da Rayuela, eta hain handia bada, nobela habitatzen duten pertsonaiei esker da, bereziki Horacio Oliveira eta Magari esker, maitale bikote buhamea.

Literatura ona nola egiten den ezin da esplikatu, hori mila bider esan dute idazleek: formularik balego, bitakora kaierari kasu egitea liburu on bat erdiesteko nahikoa balitz, liburutegiak liburu gogoangarriez beterik leudeke (eta ez daude). Idaztea, noski, kontatzeko artea, psikologia humanoan barneratzeko eta hura azalera ekartzeko trebezia, berezkoa da, nork berea dauka eta ez da eskolan ikasten. Baina horretan asmatu dutenen lana aztertzea, hots, espionaje industrial pixka bat egitea, idazlearentzat premiazkoa da, egin behar denaren eta, bereziki, egin behar ez denaren klabe ugari eskaintzen dituelako.

Captura de pantalla 2017-01-06 a las 10.33.41.png
John Fante. Ia beti Arturo Bandini izeneko alter-egoa erabilita idatzi zuen: Ask the dust da bere liburu ezagunena (Pregúntale al polvo, Demande à la pussière -euskaraz ez dago-).

Literaturaren klabea sinesgarritasuna da. Sinesgarritasuna da irakurleari literatura den eraikuntza edo subterfugioa ahanztarazten dion giltza, kontakizuna errealitate balizko baten eremuan sarrarazten duena, eta sinesgarritasun horretan pertsonaia da, edo pertsonaiak dira, testua alde batera edo bestera lerraraziko dutenak.

fiodor-dostoievski-2015028025405-f610b24185d3e95ce3fb329871a29870
Zaila da kuantifikatzea, baina seguruen Fiodor Dostoievski izango da idazleek gehien aipatu izan duten idazlea. Berea da pertsonaietan pertsonaia, Raskolnikov hiltzailea, Crimen y castigo (ez du inork euskarara ekarri oraindik) liburu mardul eta luzean agertzen dena.

Horretaz guztiaz jardungo dut datozen asteburuetan, Zumaiako kultur etxean, Udalak urtero antolatzen duen literatura tailerraren barruan. Izena eman nahi izanez gero, hemen azpian topatuko dituzue xehetasunak:

zumaia-kartela

Balea Getarian

captura-de-pantalla-2017-01-03-a-las-11-21-44
Zere arrunta da Getarian agertu dena (Rorcual común), bertsoan bezala “ezpainetan bizarrak” edo “orraziak” dauzkaten balea horietakoa.

Philip Hoareren ‘Leviathan (o la ballena)’ irakurtzen ari nintzen bart, E-k Facebooken ikusitako abixu baten berri eman zidanean, ba omen zebilela balea bat Getarian. Argazkia eta guzti zetorren posta, eta hura bizirik zegoela ageri zen. Banuen, liburua irakurri aurretik ere, baleekiko halako lilura, Hoarek berak liburuan azaltzen dituen arrazoiengatik (nik hitzez hitz idatziko nukeen liburua da Hoarerena): handitasunaren lilura, eta  xalotasunaren errukia. Jantzi eta ziztuan Getariaruntz abiatu nintzen. Iritsitakoan, nire jakinmin bertsuak bultzatutako dozenaka lagun ikusi nituen Getariako moilan, denak ere baleak harnas hartzeko beta noiz eta non hartuko zain. Handik gutxira atera zuen bizkarra baleak, gugandik ehun bat metrora: kuffffffffff! Oihu egiteko tentazioa izan nuen, baina besteen presentziak ixilarazi ninduen. Gogoan dut, inoiz Puerto Madrinen, Argentinan, han ere gauez ikusi nuela balea, eta han bai, hondartza hutsik zegoenez, gustora oihu egin ahal izan niola piztiari. Atzo, ordea, hain paraje jendetsu eta zibilizatuan, tokiz kanpoko poza zatekeen. Berriz murgildu zen itsasoaren belztasunean, eta hantxe garatu ginen zain. Getariako moilaren barruan ari zen batera eta bestera, batzuetan han agertzen zen, eta besteetan hurbilago. Denak genbiltzan batera eta bestera, aberea ahalik eta gertuen ikusteko irrikaz. Batzuetan, toki berean ateratzen zen birritan, hirutan jarraian, eta orduan denak metatzen ginen hango moilan, han aterako zen esperantzaz, baina orduan errutina aldatzen zuen, eta berriz hasi behar genuen zerotik. Lehen ordu erdian ez nuen gertutik ikusi, baina, halako batean, asmatu nuen haren igeriaren zentzua, eta hasi nintzen non aterako zen kalkulatzen, eta bai asmatzen ere. Lehendabizikoz gertu ikusi nuenean, haren begiek begiratu zidatela deskubritu nuen, edo, behintzat, neronek haren begiak ikusi nituela. Elefante baten begiak bezala, zimurrez inguratuta, ilun, kasik urruneko, baina halako espresio batekin, han barruan, harrizko maskor haren baitan ‘inor’ balego bezala, bere bizitza eta pairamen propioekin. Horrexek, han bizitza dagoen sentipen horrek sortzen du gugan inpresiorik handiena, eta baita enpatiarik handiena ere (Hoarek dioenez).

Captura de pantalla 2017-01-03 a las 11.23.50.png
Baleei buruz inoiz irakurri dudan libururik ederrena da Leviatán, eta harena da ‘El mar interior’, gaiari zeharka heltzen diona.

Autora itzuli eta bideo kamera hartu nuen, eta balearen joan-etorriak asmatuz, hainbat bideo grabatu nituen. Ordurako, jende gutxi zegoen moilan, ozta zoro batzuk (eta Ertzantzaren patruila bat non denak euskaraz ari ziren-), eta hantxe izan ginen, gutxi gora behera denak elkarrekin, piztia grisak zenbateko tamaina ote zeukan asmatu ezinik, eta haren patuaz kabalak eginez, gaixo ote zegoen, galdurik, iparra nahasturik, eta abar. Aieru txarrenak egin zituzten (ni isilik nengoen), eta balea egun gutxi barru hondartzan edo haitzetan hilik agertuko zela esan zuten. Ez dakit. Ez nion makal itxurarik hartu. Auskalo.

Goizeko ordu biak aldera, nigandik hiruzpalau metrora pasatu zen pare bat alditan. Umetatik amets hori izan dudala ohartu nintzen. Itsasora begira egoten nintzen bakoitzean (eta gaur egun ere bai), neure artean esaten nuen: eta balea bat agertuko balitz? Eta begira-begira geratzen nintzen ur sakonera, beti alferrik. Zeren eta balearen zain egote horrek badu zerikusia sorpresarekin, ezkutuan dagoena ikustearen harridurarekin. Argentinan lehendabizikoz ikusi nituenean, harnasak inpaktatu ninduen gehien, bere biriken handitasunari buruzko arrasto ikaragarria eskaintzen zidalako, balearena ez, harnasa lurrarena berarena balitz bezala. Eskuak zabaldu eta ur tantak eskuetan hartzeko gogoak pizten zitzaizkidan, horrek piztiarekiko gertuago, edo komunioan sartuko ninduen esperantzaz. Eta bada hortik zerbait, seguruen. Atzo, Getarian, bazen emakume bat, moilaren eskailerak jaitsita, eskua uretan sartu eta zipriztinak ateratzen, baleari deika bezala. Keinu patetikoa, eta, era barean, maitagarri zen. Batzuk murmurioka ari ziren, zertan ote zebilen, baina, finenan, denok nahi genuen horixe nahi zuen emakumeak, eta ez zuen esamesen beldurrik: keinu intimo eta era berean publikoa zen, edo, hobe esanda, keinu intimoa eta derrigor (ezinbestean) publikoa. Pudorea ematen zuen so egitea, maitemindua enamoratzen ari den ezagunari so egitea bezala, nahi zuelako balea gertuagotik ikusi, eskua haren mutur mastodontikoan ipini, haren azala sentitu, eta keinuarekin lilura atabiko bat erakutsi, errespetu arkaiko eta ezin otzanago bat. Nitasun bat eskatzen zion uneari, akaso besteok bezala, esklusibotasun bat, finean, ezinezkoa zena.

Hirutan edo, alde egin nuen. Bitxia egin zitzaidan alde egitea bera, abiatzen nintzen mundua toki okerra zen sentimendua, zentzua, zinez, balearen igeriaren ondoan bakarrik balego bezala. Baina errealitatea agertu zen bere apetekin, eta ezin izan nuen hura nire tokia zen hartan geratu. Neurea ez den bizitza honetara etorri nintzen, eta badakit, nolabait, hura berriz topatzea izango dudala helburu. Jarraitu “Balea Getarian” irakurtzen

Gerra txikia

captura-de-pantalla-2016-12-01-a-las-22-16-43
Neronek egindako argazkia, Pausuko pilotalekuan, Bidasoa ibaiaren bazterrean.

Gerra txikia plazaratu nuenean, testu hau prestatu nuen aurkezpen ekitaldi solemnerako, gero han irakurri ez nuena (beti egiten dudan zerbait da, testua alferrik idaztearena). Bihar hilak 2, ostiralarekin, 18:30etan Hendaiako mediatekan egingo dugun liburuaren inguruko hitzaldia dela-eta, ostera, testua berreskuratu dut, jakinminez, edo akaso liburua pittin bat freskatzeko, eta testuarekin harritu samarturik geratu naiz, liburuari buruz inoiz inon esan ez ditudanak aurkitu ditudalako, traumari eta haurtzaroari buruz. Hauxe da testua:

“Herri txikia da geurea. Eta txikitasunaren aje guztiak ditu. Hemendik kanpora inork ez gaitu ezagutzen. Orson Wellesen aspaldiko dokumental hura baizik ez daukagu, dantzariak eta pilotariak erakusten zituen hura, munduari bagarela azaltzeko, demostratzeko. Izan da geure aditz klabea.

Hain da txikia geure herria, gerrak ere oso txikiak baitira hemen. Hain dira txikiak, eze gerra ere ezin baitakieke deitu. Pentsa zein gerra txikiak diren, egon direnik ere ukatzen baitigute.

Gerra? Zuek ez dakizue zer den gerra.

Zein ezberdina den, ordea, errealitatea, egunkariek erakusten dutenaren aldean.

Errealitatean, izan ere, gerta dakizuke, unerik ezustekoenean, gerra zure etxean agertzea ate joka. Hori beti gertatzen baita ezustean. Eta ezustekoen aurrean beti daude bi erantzun, bata berehalakoa, egoerari aurre egiten laguntzen dizun hori, eta bestea urteetan eta urteetan mamitzen joaten dena, zure nortasunean dagoena txertatuta, medikuek trauma esaten dutena, eta zuk agian ideologia esaten diozuna.

Zein da, izan ere, traumaren eta ideologia esaten dugun horren arteko zinezko aldea, baldin eta badago? Akaso ez ote gara minak egiten gaituena? Eta akaso ez ote dira besteak ere, geure minak egiten dituena?

Gerrak geure etxeko atea jotzen duenean harrituta geratzen gara, geure mundua suntsitzen hasten delako inor horretaz ohartu gabe. Ez dago gainbeheraren kronika egingo duen kazetaririk gerra etxe barruan daukan familiarentzat. Zeren eta txikizioa ez baita une batetik bestera gertatzen, ez bada ezarian, uneka, eta erremediorik gabe.

Gerra beti kontatu da hildakoen estatistiken bidez. Badirudi gerrak uzten dituen ondorio bakarrak zenbaki solte batzuk besterik ez direla. Baina zenbaki horiek pisu handi daukate bizirik geratzen direnentzat. Hildakoek baino gehiago sufritzen dute bizirik geratzen direnek. Batetik joandakoen absentzia kudeatu behar dutelako, eta bestetik ez dakitelako biziraun ahal izango duten.

Baina horiek egunkarietatik eta kronika ofizialetatik kanpo geratzen diren kontuak dira beti. Eta zein da nobelagilearen desafioa, ezkutuan gorderik dagoena azaltzea ez bada?

Bizitza ororen asmoa da bizitzeko arrazoi bat topatzea, eta arrazoi horren gauzagarritasuna desafioan jartzea. Ametsak kunplitzea, alegia. Dena da egingarri, hasieran, heriotzaren ideia zera lauso bat bezala ageri denean. Heriotza ekuazioan agertzen denean, ordea, ametsen tamaina erreala agertzen zaigu begien aurrean, ametsen ezinezkotasun mingarri hori, eta ametsa jausten da orduan, bizitzak jatorrian zeukan errelato zentzuzkoarekin batera.

Ametsik gabe, bizitza delirio bat da. Biziraute soil bat. Pasio zaharren hanpatze infamea, maitasunaren exaltazio groteskoa, nihilismoa, galera. Edo bestela, zinismoa, egozentrismoa eta hazirako itzulera, umetze txepel etengabea.

Gerra bizitzako haurra, ametsik gabe handitzen da, heriotzaren ustezko urruneko ortzemuga, harresi gisa ageri zaiolako hazi nahi luketen baina ezin duten begi harrituen aurrean.

ZENTSURA

captura-de-pantalla-2016-11-18-a-las-17-33-01

Ez nuen atzo DSS2016k presoen lanei egindako zentsuraz idazteko asmorik, ze, bustitako zoruan ari du, eta ez dut uste ezer berria ekar litekeenik. Agintari politikoek bere burua definitu dute, nik nire hitz dardaratiez egin dezakedana baino hobeto, zehaztasun erabatekoz. Baina gaur Markel Olanok egindako zentsura hitzaren ukoak bultzatu nau, azkar bada ere, nire iritzia plazaratzera.

Ez da gaurkoa EAJk eta zentsurak daukaten harreman maitasunezkoa, luzetik dator. Oraindik ondo gordeak ditut begi ninietan, Ertzaintza lehen aldiz Egin egunkarian sartu zeneko irudiak. Zuri-beltzezko irudi haietan, erredakzioa ikusten zen, erredakzioa osatzen zuten lagunen larridura eta harridura, eta txapelaz jantzitako euskal poliziak kaxak eta kaxak ateratzen. Hurrengo egunean Juan mari Atutxa prentsa aurrean atera zen, ustez Egin ETArekin lotzen zuen folio bat erakutsiz. Atutxak, garai hartan, Egin goizeroko 50 gramo amonal bezalakoa zela esan zuen. Hain zitzaion mingarria, goizero, berea bezalakoa ez zen iritzi bat irakurtzea. Azken buruan, kontua horixe baita: joko-zelaian bestea onartzea, ariketa beti zaila, beti higuingarria, baina beti beharrezkoa, demokrazia esaten dugun horretan.

Neronek ere izan nuen enkontru bat EAJren garro luzeekin. Duela urte batzuk Orereta ikastolak ikastolaren istorioa kontatzeko enkargua egin zidan, eta hasi nintzen elkarrizketa batzuk egiten eta paper batzuk zirriborratzen. Uda hartan, EAJk bultzaturik, Barrura begiratzeko leihoak filmaren kontrako kanpaina bat hasi zuten Bildu ez ziren beste alderdi guztiek. Juan Karlos Izagirreren kontrako gerra zikina izan zen, zinema baliatuta, haren gobernuaren kontra egiteko. Bazekien EAJk, erbia libratzen bazuen, kaberna mediatiko guztia, Barne Ministerioa barne, joango zitzaizkiola Izagirreri mehatxu eginez. Eta hala izan zen. Azkenik, EAJren ekimenari esker, diru-laguntza kendu behar izan zion Izagirreren udalak filmari: bereari eutsi izan balio, Audientzia Nazionalean amaituko zuen alkateak. Denek genekien hori, EAJk barne.

Egun haietan, Josu Martinez filmaren aitapontekoari elkartasunez, manifestu bat jarri nuen martxan, eta testu bat idatzi nuen egunkarian, gaztelaniaz, EAJko iturginek ere uler zezaten. Testua bolbora bezala zabaldu zen, eta Oreretako EAJren eskuetara irritsi zenean, haien satorrak (Mikel Erriondo, nabarmenki) lanean jarri, eta Oreretako ikastola presionatu zuten, liburua egin ez nezan. Eta hala izan zen: proiektua kendu zuten nire eskuetatik. Zein zen nire delitua? Berriz ere, hitza. Hitz egin izana. Hitz egiteko askatasuna eta konpromisoa hartu izana.

Bitxiena da, manifestuaren aurkezpenera nindoan unean bertan, trenean jaso nuela liburua idatziko ez nuen abixua: adierazpen askatasunaren aldeko manifestu bat neraman karpetan! Ehizatutako ehiztaria nintzen. Ehiztari txikia, alajaina!

Olanok dio hau ez dela zentsura. Hiztegiaren arabera, zentsura da “zentsoreak egiten duen esku-hartzea, arrazoi politikoek, moralek eta ideologikoek bultzatuta, lan baten mezuaren edo formaren kontra”. Bitxia da, ze, DSS2016k egin duena, ez baita definizio horretan zehazki sartzen. Izan ere, definizio horretan ez baita kabitzen subjektuaren araberako zentsura, hots, lana edo honen mezua ez, baizik eta lanaren egilea aurretiaz zentsuratzen duena, esan edo egin duena ez delako garrantzitsua, baizik eta nor den. Zentsura a la karta delako hori, zuri bai eta zuri ez aplikatzen dena, arbitrarioki, guztiz eta erabat da berdintasunaren kontrako atentatu bat, giza eskubide oinarrizkoenaren kontrakoa, “denok gara berdinak legearen aurrean” printzipioa txikitzen duelako. Beraz, ez da zentsura, zentsura baino askoz ere larriagoa da, da egitea zerrenda beltz bat, hartzen duena talde bat agintariak erabakitzen duena, ez daukana muga jakinik, ukatzen diona talde horri agintariak unean unean erabakitzen duena, okurritzen zaiona, nahi duenean eta nahi badu, komenentziaren arabera. Hor ez dago ez babes juridikorik, ez epaile baten kontrolik, eta zentsuratuaren defentsan ager litekeen defentsa formalik. Ze mingarria bada ETAko preso batek lan bat plazan ematea, izan liteke ETAko preso horrek, demagun, iritzi artikulu bat plazaratzea. Zentsura jainkotiar hau, ematen diona agintari tiranoari eskumena erabakitzeko nor den hitzaren jabe, eta nor isildu beharrekoa, ez da zentsura, inkisizioa da, sura kondenatu ordez, ostrazismora kondenatzen duena, aldez aurretik askatasunik gabe dagoen pertsona. Zu, zarena zarelako, isildu behar duzu, bai esaten duzuna gaizki badago, eta baita esaten duzuna ongi badago ere, bai esaten duzuna iraingarria bada, eta baita esaten duzuna artistikoa izanda ere. Nik diodalako. Neuk, aginte inkisitorial ahalguztidunak.

Hitz egin dezakezu, noski, baina soilik unean uneko Lancre jaunari bururatzen bazaio baietz, hitz egin dezakezula. Non, noiz, noiz arte, zer, horiek guztiak ez daude zehaztuta, sistema juridikotik aparte dagoen zulo beltz batez ari garelako hizketan, beraz, zentsorearen esku geratuko da.

Zentsura ETAko presoei aplikatu izanak, batzuk aringarritzat joko dutena, asuntoa larriagotu besterik ez du egiten, kartzelari buruz dagoen literatura judizial guztiak, guzti-guztiak, azpimarratzen duelako presoa berriz gizarteratu beharra, presoaren gizartearekiko lotura sendotu beharra, hain zuzen literatura juririko horrek egintzat ematen duelako, presoa, gaizkilea den neurrian, gizartetik at dagoela. Ez da, noski, guk euskal presoez daukagun iritzia, jakin badakigulako pertsona errotuak direla, eta hain juxtu honek esplikatzen du agintarien jokabidea: (erroturik dauden) presoak sustrai-gabetzeko eta isolatzeko bulkada kriminal etengabea.

Olanok esan zezakeen, lotsarik balu, zinez zer gertatu den. Kaka eginda daudela, badakitelako Madrilen zein manerak darabilten. Zentroko alderdi baten gisa agertu nahi dutela, eta ez dutela, derrepente, ETAko hiru presoren defentsan aritu nahi. Ez dela haien papera. Beraz, biderik laburrena hartu dute: eskumen mugarik gabeak aplikatu jende multzo (babesik gabeko) baten kontra, jakinik inpuneki ariko direla, ez delako epailerik izango haien erabakiari mugak jarriko dizkionik. Sentitzen dutela haiengatik, baina hauxe dela dagoena. Esan zezakeen halako zerbait. Horren ordez, EAJren betiko negazionismoa praktikatu dute. Badakizue: hemen biolentzia bakarra egon da, ez da torturarik izan, eta hau ez da zentsura. Etika da.

Enzo Maiorca, kontrarioa

captura-de-pantalla-2016-11-16-a-las-17-45-06
Enzo Maiorka siziliarra, bere lehen errekorretako bat lortu zuenean.

(Post hau irakurri bitartean soinu banda hau entzun dezazuen gomendatu nahi nizueke, ahal dela aurikularrekin; Eric Serra frantziarrak Luc Bessonen The big blue filmarentzat sortutakoa da, itsaspean sentiaraziko zaituzte)

Leonard Cohenen heriotzak itzalean utzi du beste galera handi bat, Enzo Maiorka apneistarena. 80. hamarraldian ezagun egin zen munduan, Jaques Mayolekin izandako urpeko lehia zinemara eraman zuelako Luc Besson zuzendari frantziarrak. Kasu arraroak izan ziren, bai Jaques Mayol eta bai Enzo Maiorka, itsaspean kasik arrainen pare ibiltzeko gaitasuna baitzeukaten. Oso epe motzean, 40 metrotik 100 metrora jaisteko gaitasun atletikoa garatu zuten, eta zientzialarien arreta piztu zuten, misterioski, urpean bihotza ikaragarri geldotzeko gai zirelako. Hortxe zegoen hainbeste irautearen arrazoia, bihotza zinez muskulu baten gisa kudeatzeko abilidadea, eta, horri esker, oxigeno gabe irauteko erraztasuna. Bi zangoko izurdeak bezalakoak ziren biak ala biak.

Urte haietan, urpean ahalik eta gehien jaistea lehiaketa bilakatu zuten Enzo Maiorcak eta Jaques Mayolek, eta bien arteko lehia mitikoa sortu zen, garaiko komunikabideek elikatu zutena, eta guganaino Luc Bessoni esker iritsi zena, esan bezala, Le grand bleu filmari esker.

captura-de-pantalla-2016-11-16-a-las-17-49-35
Eskuinean, Jaques Mayol, ezkerrean, Enzo Maiorca.

Lehenagotik ere erakutsia zuen Luc Bessonek itsaspean filmatzeko fintasuna, eta urari bere balio sinbolikoa eta metaforikoa itzultzeko artea. Garaian, gorderik ez daukadan kritika gogoangarria egin zion Mikel Insaustik, Eginen (egunkari mundial hartan), eta urteetan gorderik izan nuen, etxe aldaketaren batean galdu arteraino. Kritikak, funtsean, filmaren balio metaforikoa azpimarratzen zuen, hartan jorratzen baitzen gu guztion jatorri likidoa, eta nonbait gordetzen dugun uretara itzultzeko bulkada, gehienetan sumatzen dena itsasoarekiko daukagun liluran. Beno, oso gogoz ari naiz, beharbada ez zuen hori esaten, baina horixe oroitzen dut neuk.

Horrez gain, Wong Kar-Wairen In the mood for love hipertxalotuaren aurrekari modukoa ere badela iruditzen zait, slow motion-aren erabilera benetan apartekoa egin zuelako, sedukzioaren instante magikoa luzatuz eta hartan olgeta eginez, horretarako bideo-klipen teknikak bereganatuz, eta Eric Serraren musika oso modu deigarrian erabilita (Atlantis-en ere biak elkarren arteko lana eginak ziren), hain zuzen ere aipatutako In the mood for love filmean Kar-Waik Shigeru Umebayashiren musikarekin egin zuen bezala. Sedukzioa, Jean Marc Barren eta Rosanna Arquetteren artekoa, literalki sentitu zitekeen film hartan, kamera geldoaren, argazki dotore batean eta musika zoragarri baten konbinaketari esker; eta zer espero du ikusleak, maitasun istorio batez, hura sentitzea ez bada?

Luc Bessonek autorezko film tranpatia egin zuen, bi apneisten arteko leia puztuz eta karikaturizatuz, baina niretzat film bikaina da, gai sakon eta konplexua edozeinentzat egiten zuelako irensgarri, edo, nahi baduzue, maistream xamar. Milos Formanen Amadeus filmaren eskema antzekotsua baliatu zuen (Enzo Maiorca zen Sallieri), berez, publiko zabalarentzat zaila eta urrunekoa izan zitekeen gaia morbo poxin batekin edulkoratu, eta hop, aurrera. Zinema den ametsen fabrikaren logikaren oso barruan dagoen erabakia da, oso maiz egin dena (baita maisu handienek ere).

Jaques Mayol, filmaren protagonista, Luc Bessonek ederki mitifikatzen duena Jean Marc Barren edertasun mediterraneoari esker, pertsona berezia izan zen, eta beti bizi izan zuen lehia gogo gutxiz, itsasoari gogorki eta ia mistikoki lotua baitzegoen, eta lehia iruditzen zitzaiolako nahiko banala. Lehia utzi zuenean itsasontzi batean bizi izan zen, eta baleen artean ibili zen, harik eta, zahartuta, urpean murgiltzeko gaitasuna galtzean, bere buruaz beste egin zuen arte, arbola batetik bere burua zintzilikatuz.

captura-de-pantalla-2016-11-16-a-las-17-52-30
Eskuinean, Jean Reno, Enzo Maiorka gorpuztu zuen The big blue filman; eskuinekoa, Jean Marc Barr, Jaques Mayol izan zen.